1911-1979

ELA: Sorreratik Trantsiziora

1911: Sorrera

Testuinguru honetan Eusko Alderdi Jeltzaletik erakunde sindikala sortzea bultzatzen da Uztailaren 23an, igandea, 178 langilek araudia onartu eta"Solidaridad de Obreros Vascos" sortu zuten. Hau Bilboko Posta kaleko 17.eko 3. pisuan gertatu zen.

 

Hazkundea eta garapena

Lehen urteetan langile erakunde berria Euskal Herrian zehar zabaltzen da. Hedakuntza hau azkarra bada Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz Nafarroan eta Araban bi hamarkada beharko ditu sendotzeko. Hedapen honek, elkarte eta federakunde ezberdinak bilduko zituen Konfederakunde baten eraketarako urratsak eman beharra ekarri zuen.

 

Jarduera bizia

Sorospena eta elkarren arteko laguntza bide ezberdinetatik (langabetuentzako jangelak, diru-laguntza bereziak, osasuna, ikastolaratzea, kontsumo kooperatibak...) izan ziren eginkizun nagusienak lehen urte hauetan. ELAk gogor ekingo du sortzen diren gatazketan, hauen artean garrantzitsua da bere esanahiagatik, "Euzkadi" egunkarietako tailerretan egindakoa. Tentsio eta istilu une hauetan, Ardanaz Talleres etako Marcelino Charterina laguna Guardia Zibilak tirokatuta hil zuten.

 

1.929: Lehenengo kongresua. Eibar

1.929ko urriaren 12 eta 13an ospatu zen Eibarreko Astelena frontoian. Kongresu honetan aldarrikapen dinamikak indarra hartu zuen eta kongresuak bi urterik behin ospatzeko erabakia hartu zen. Hala ere, elkarte eta federazio ezberdinak Konfederazio baten inguruan biltzeko beharra bete gabe geratu zen.

 

1.931. Errepublika eta Lizarrako Estatutua

Errepublika ezartzeak itxaropen haundia sortu zuen abertzaleen artean, euskal gizartearen eskaeren aurrean jarrera hobea izango zuelakoan. Berehala, indar abertzaleak euskal herriaren gogoak jasoko zuen Estatutua prestatzen hasi ziren. Nahiz eta ez izan bere osotasuenean, ELAk, sindikal ikuspegitik, lan eta gizarte arloan eginiko ekarpenak jasota geldituko dira Lizarrako Estatutuan.

 

1.933: Bigarren Kongresua. Gasteiz

Apirilaren 29, 30 eta maiatzaren 1ean ospatu zen. Erakundea zabala zen eta ekinbide ezberdinak zituen, ez beti arlo sindikalari loturikoak (Kooperatibak, mutualitateak, sorospen-lanak). Kongresu hartan enplegatuen federazioa integratu zen, izen aldaketa eraginez. Aurrerantzean STV (Solidaridad de Trabajadores Vascos) izango zen izen berria.

 

1.936. Altxamendu faxista eta guda

Afiliazioa (50.000 lagun) eta antolakuntza egoera ezin hobean, ELAk Iruñan bere III Kongresua ospatu behar zuenean, legezko demokrazia errepublikarraren aurka militar faxisten matxinada gertatzen da. Lehen unetik ELA faxismoaren aurka eta demokraziaren defendatzailea izan zen. Euskadiko gudarostearen barnean bere batailoi propioa izan zuen: San Andres batailoia. Sindikatuan afiliatutako gudari eta agintariek osatzen zuten batailoi hau, asko eta asko hil egin zituzten frentean, edo fusilatu, beste askok espetxea, erbesteratzea edo klandestinitatea jasan behar izan zuten.

 

Klandestinitatea eta erbestea

Diktadura faxistaren urte luzetan, euskal sindikalismoak bi ildo nagusi jorratuko ditu. Batetik, Euskal herri barnean sindikatuen berrantolaketa lana, eta, batera, sortzen diren lan gatazketan diktadurari aurre egitea. Euskal Herritik at, erbestetik, nazioartean Euskal Herriaren egoerari buruzko kezka mantentzea eta euskal sindikalgintzaren nazioarteko onarpena bilatzen da. Honela CMTko partaide izateaz gain, CIOSLeko sortzaileetakoa izango da, eta 1.973an Europako Sindikatuen Konfederazioan (CES) sartuko da.

 

Eraldaketaren urteak

Hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadek berrikuntza sakona ekarri zuten militantziari dagokionez. Belaunaldi aldaketaz gain, ikuspegi sindikal berritua zegoen. Berezko izaeraduna, berea bakarrik zuen militantziaz osatua eta euskal sindikatuaren egitasmo zuhurrarekin. ELA garai berri baten sartzen da.

 

1.976. Hirugarren Kongresua. ELAren birsortzea

Frankoren erregimenaren bukaeran, ELA-k bere 3. Kongresua, bi zatitan banatuta ospatu zuen. Lehenengo zatia, eztabaidarako eta lanerako izan zen eta Euban burutu zen. Bigarrena, aldiz, jendaurreko aurkezpenerako izan zen eta Eibarren jorratu zen. ELA berriz ere jaio egin zen. Edozein alderdirekiko independentziaren aldarrikapena eta bere izaera konfederalaren berrespena izan ziren alderdirik azpimarragarrienak. Kongresu honetan, gainera, karguen bateraezintasuna, kuoten bidezko finantziazio autonomoa eta erresistentzia-kutxa bezalako ezaugarriak finkatu ziren. Hurrengo kongresuetan bide hau berretsi eta sakondu egingo da. Klandestinitatetik ateratze prozesua zuzendu duen Alfontso Etxebarria izango da idazkari nagusia.

 

1.977. Legalizazioa eta lehenengo bereizketa

ELA-k, dekretua Estatuko Buletin Ofizialean agertu zen egun berean aurkeztu zuen eskatutako dokumentazioa eta 1977ko maiatzaren 2an, beste 180 erakunde sindikal eta profesionalekin batera, legeztatuta geratu zen. 1977ko urrian, parlamentuko alderdi guztiek, eurekin erlazionatutako sindikatuekin batera, herritarren aurkako ondorio nabariak izango zituzten Moncloako Paktuak sinatu zituztenean, ELA paktuon aurka agertu zen, gaur egunera arte mantendu den paktuen aurkako politika sindikalari hasiera emanez.

 

Hauteskunde sindikalak: ELA nagusi

1978ko lehenengo asteetan egindako hauteskundeek, Francoren diktaduraren osteko egoera sindikal nahasia argitu zuten, eta ikuspegi sindikalaren argitze honetan, ELA, UGT eta CCOO-ekin batera, sindikatu nagusi bezala agertu zen.

 

1.979. Langileen Estatutua

1979an ELA, manifestaldi eta geldialdien bitartez, Langileen Estatutuaren lege proiektuaren aurka azaldu zen. Proiektu hau UGT eta CEOE-ren arteko itun baten ondorioa izan zen eta, errealitate sindikala alde batera utziz, lan harremanen protagonismoa UGT-ri eman eta ELA-ren euskal sindikalgintza baztertzea zuen helburu. Inposizio honen aurka, euskal langileriak klandestinitate ondorengo lehen mobilizazio eta manifestaldi erraldoiak egin zituen.

 

Laugarren Kongresua

Eraketa, lanbide eta eskualde egituren garapena, hauen arteko koordinaketa eta, une hartan puri-purian zegoen Zerbitzu Publikoen sektorearekiko arreta berezia izan ziren eztabaiden ardatz nagusiak. Lan harremanak Euskal Herrian egituratzeko ardura agerian geratu zen atal honetaz egin zen ponentzian. Kongresu honetan, ELA Autonomia Estatutuaren alde agertu zen, nahiz eta arlo laboralean zeuden gabeziak eta Euskal Herriak bere helburu politikoak lortzeko zituen mugak salatu zituen.