ROXALL

ELAk akordioa lortu du eta UGTk gutxiengoan sinatutakoa nabarmen hobetu du

ELAk akordioa lortu du eta UGTk gutxiengoan sinatutakoa nabarmen hobetu du
Bederatzi greba egunen ostean lortutako akordioari esker, soldatak hobetuko dira, lanaldia murriztuko da eta lan bermeak ziurtatuko zaizkie. Hitzarmena ROXALLek Bizkaian dituen lantoki guztietan aplikatuko da.

Uztailean bederatzi greba egun igaro ondoren, Roxalleko (Zamudioko Parke Teknologikoan dagoen farmazia sektoreko enpresa) langileek lortu dute soldatak hobetzea eta lanaldia murriztea. Horrekin batera, lan bermeak ziurtatu dituzte. Akordio berriak nabarmen hobetzen du enpresak eta UGTko bi ordezkariek duela bi aste gutxiengoan sinatutakoa; eraginkortasun mugatuko akordio horrek ez zuen ez batzordearen ez langileen gehiengoaren babesik.

Akordio berri honek, ordea, onurak dakarzkie langile guztiei. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta ROXALLek Bizkaian dituen lantoki guztietan aplikatuko da, baita Zierbenan aurreikusitako etorkizuneko lantegian ere.

Hauek dira akordioaren eduki nagusiak:

Soldata-igoerak eta KPIaren bermea

Hitzarmenak erosahalmena mantentzea bermatuko du, KPIaren gaineko igoera gehigarriekin:

  • 2026: KPIa gehi %0,25.

  • 2027: KPIa gehi %1, KPIa %2koa edo txikiagoa bada; eta KPIa gehi %0,5, KPIa %2 eta %3 artekoa bada.

  • 2028: KPIa gehi %1,5, KPIa %2koa edo txikiagoa bada; eta KPIa gehi %0,75, KPIa %2 eta %3 artekoa bada.

  • 2029: KPIa gehi %2, KPIa %2koa edo txikiagoa bada; eta KPIa gehi %1, KPIa %2 eta %3 artekoa bada.

Urte guztietan, KPIa %3tik gorakoa bada, benetako KPIa osorik aplikatuko da, inolako mugarik gabe.

Urteko lanaldia 28 ordu murriztuko da

Urteko lanaldia 28 ordu murriztuko da pixkanaka: zortzi ordu 2026an, sei ordu 2027an, sei ordu 2028an eta zortzi ordu 2029an.

Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, urteko lanaldia 1.667 ordukoa izango da. Horrela, ROXALLeko langileek 85 ordu murriztea lortu dute Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean ezarritako lanaldiarekin alderatuta, enpresan azken sei urteetan egindako lau hitzarmenen negoziazioen ondorioz.

Hobekuntza ekonomikoak

Enpresan hamabi hilabete betetzean oinarrizko soldataren %10era iristen den osagarri pertsonalari beste %2,5 gehituko zaio hogeita lau hilabeteko antzinatasuna betetzean.

Horrez gain, hitzarmeneko bonus berri bat sortuko da, plantillak orain arte izan ez duen aparteko ordainsari bat:

  • 2026: 1.000 euro.

  • 2027: ez da ordainketarik aurreikusten.

  • 2028: 500 euro bermatuta eta 1.500 eurora arte, enpresak 28 milioi euroko fakturazioa lortzen badu.

  • 2029: 500 euro bermatuta eta 1.500 eurora arte, fakturazioa 30 milioi eurora iristen bada.

SCCko —kalitate-kontroleko— langileen lanpostu-osagarria %25 handituko da. Biltegiko langileek, berriz, urteko 550 euroko osagarri berria jasoko dute, orain arte ez baitzuten lanpostu horri lotutako osagarririk.

Berme gehiago mantentze lanetako guardietan

Hitzarmenak modu osoagoan arautuko ditu mantentze lanetako guardiak, eta bereziki bermatuko du lanaldien artean hamabi orduko gutxieneko atsedenaldia errespetatzea.

Erabilgarritasunagatiko ordainsaria ere handituko da: 45 eurokoa izango da lanegunetan eta 65 eurokoa lanegun ez diren egunetan.

Aurrerapenak kontziliazioan eta lan-denboraren antolaketan

Akordioak, besteak beste, honako hobekuntza hauek jasotzen ditu:

  • Lanaldia egokitzeko eskubidea, eskatutako aldaketak ordubete baino gehiago hartzen ez duenean.

  • Lanaldi-murrizketa gutxienez lanaldiaren 1/16tik aurrera eskatzeko aukera .

  • Benetako lana 07:45etik aurrera hasteko aukera.

  • Oporren eta norberaren aukerako egunen izaera parekatzea.

  • SPMko —mikrobiologiako— langileentzako ordutegi-malgutasun handiagoa.

  • Udako ordutegia ezartzeko aukera.

  • Merkataritza-sarearen helburuak urtarrilaren 15a baino lehen argitaratzeko betebeharra.

ROXALL farmazia sektoreko enpresa da, Zamudioko Parke Teknologikoan kokatua, eta 160 langile inguru ditu. Enpresa-batzordea ELAko zazpi ordezkarik eta UGTko bik osatzen dute.