Bizkaiko umeen zerbitzua

Baliabide eta langile gehiago eskatu dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari

2026/01/30
Baliabide eta langile gehiago eskatu dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari
Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Haurren Zerbitzuko langileek lurraldeko haurrak eta nerabeak babesteko sistemaren egoera kritikoa salatu dute.

Bizkaiko Foru Aldundiko Umeen Zerbitzuko langileek Bizkaiko Batzar Nagusietan salatu dute Bizkaian haurrak  eta nerabeak babesteko sistema egoera larrian dagoela, batez ere, Umeen Zerbitzuaren prekarietatea dela eta. 

Langileen Batzordearen eta Enpresa Komitearen izenean egin dute agerraldia, alegia, ELA, LAB, UGT, CCOO eta SATSEren izenean.  

Zerbitzu horretara iristen diren kasuak lurraldeko haurren babesgabetasun egoera larrienak direla gogorarazi dute. Gauzak horrela,  eskatu dute haurren ikuspegia politika publiko guztietan modu transbertsalean presente egotea.

Ezinbestekotzat jotzen dugu sentsibilizazioa, prebentzioa eta esku-hartze  goiztiarra indartzea, kalteberatasun-egoerek babesgabetasun larriko  egoeretarantz eboluzionatzea saihesteko behar diren denbora, giza baliabideak  eta inbertsio ekonomikoa bideratuz. 

Sistema hobetzeko ezinbestekotzat jotzen dute zenbait eremu zehatz indartzea, nahiz eta jakin sistemaren errealitatea konplexua  dela eta dimentsio ugari dituela. Hauek dira kezka nagusiak: 

1. Haurren Zerbitzuari atxikitako baliabideak, zerbitzuak eta programak  nahikoak ez izatea, eta horrek mugatu egiten du artatutako egoeren  konplexutasunaren eta larritasunaren aurrean erantzuteko gaitasuna.

2. Langilerik ez izateak langainkarga eragiten du, esku hartzeen  jarraitutasuna zailtzen du eta emandako arretaren kalitateari eragiten dio. 

3. Larrialdi egoeretako esku hartzeen gainkarga; horrek berehalako arreta  lehenestera behartzen du, eta prebentzioko, jarraipeneko eta lan sakoneko  esku hartzeak egiteko gaitasuna mugatzen du, hasiera batean jorra  daitezkeen egoerak eboluzionatzea eta berriz ere larrialdi berri gisa  aurkeztea eraginez. 

4. Herritarrei arreta emateko espazio fisikoa hobetzeko beharra, gaur egun  desegokia baita, bai eta lan pilaketatik eratorritako baldintzak ere,  herritarren arretari zein lanbide jardun egokiari eragiten dietenak.