GARBIALDI

Gipuzkoako ertzain etxeetako garbiltzaileek greba deitu dute azaroaren 15etik 19ra

2023/11/13
Urtebeteko bileren ondoren,  hitzarmenaren negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute. Garbialdi enpresak ez du negoziazio mahaira eraman plantillaren gutxienekoak betetzen dituen eskaintzarik, eta, beraz, langileek greba deitzea erabaki dute.

Zerbitzua ematen duen enpresa Garbialdi da, 42 langile ditu, eta ertzain etxeak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeatzen ditu. Segurtasun Saila kontzesio berri bat prestatzen ari da, eta kontratu berriak 400.000 euroko igoera ekarriko du. Hori horrela izanik, ulertezina da enpresa langileei erosteko ahalmena bermatzeko proposamenik ez egitea. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori konkurtsoan atera nahi du langileen baldintzak bermatu gabe.

Aurreko hitzarmena lortzeko bederatzi hilabete iraun zuen grebak. Oraingo honetan, honako hauek dira deialdi berrirako aurreikusitako mobilizazioak:

  • Azaroaren 15ean: 11:30ean, elkarretaratzea Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. 

  • Azaroak 16: 10:30ean martxa zaratatsua Oiartzungo ertzain etxetik Errenteriako ertzain etxera.

  • Azaroaren 17an: 10:30ean, elkarretaratzea Ondarretako ertzain etxearen aurrean, eta 11:45ean, elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen egoitzaren aurrean.