UNIBERTSITATE FROGAK

ELAk bat egingo du euskararen aurkako oldarraldi berria salatzeko mobilizazioekin

2026/07/01
ELAk bat egingo du euskararen aurkako oldarraldi berria salatzeko mobilizazioekin
ELAren ustez oso larria da Pedrosa Sailburuak A ereduaren porrota ezkutatzea eta ikasle batzuen emaitza txarraren ardura zuzentzaileei egoztea; 2023an onartutako Hezkuntza Legea ez betetzea erabaki dute eta, ondorioz, Hezkuntza Saila zuzentzen dutenek albo batera egin beharko lukete.

Unibertsitaterako sarbide azterketek argi erakutsi dute A ereduko ikasleek ez dutela euskarazko ezagutza nahikorik beren ikasketa prozesuak amaitzean. Euskara azterketetan hainbat ikaslek izandako emaitza kaskarrek hori erakutsi dute. ELAren ustez oso larria da epaitegiek unibertsitaterako sarbidean euskarazko frogak behin-behinean baliogabetu izana, erabaki horrekin EAEn euskararen ezagutzak inongo baliorik ez duela ondorioztatzen baita eta ikasleen arteko berdintasun eskubidea urratzen duelako.

Era berean, Hezkuntza Sailaren eta Hezkuntza Sailbururaren jarrera ere oso larria da. 2023an onartutako Hezkuntza Legearen arabera ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan euskarazko eta erdarazko B2 maila egiaztatu beharko lukete. Orokorrean soilik D ereduko ikasleek betetzen dute legearen helburua. Bi hizkuntza ofizialetan B2 maila egiaztatu ahal izateko Hezkuntza Sailak ebaluazio egokia martxan jarri behar zuela zioen legeak eta ikastetxe guztiek helburu horretara heltzeko hizkuntz proiektuak garatu behar zituztela. Bada, legea onartu zela ia hiru urte bete direla hizkuntzen gaian ere Hezkuntza Saila legearekiko intsumiso da, ez baitu legeak ezarritako helburua betearazten eta ez delako hizkuntz proiekturik garatu. Akaso emaitza txarrak izan dituzten A ereduko ikastetxe horiek euskararen ezagutza egokia bermatzeko hizkuntz proiekturik daukate? 

Gainera, unibertsitateko frogen emaitzak jasotzean, A ereduaren porrota onartu beharrean eta beren legea betearazteko neurriak landu beharrean, aztertzaileengan jarri du jasotakoaren ardura. Hezkuntza Sailak ez du beraiek onartutako legean sinisten eta euskararekin intsumiso izatea erabaki du, ontzat eman nahi duelako ikasle asko erdaldun elebakarrak izatea derrigorrezko hezkuntza bukatzean eta ez duelako nahi horrek beren emaitza akademikoetan ondoriorik izatea. Hezkuntza Sail honek ezin du gidatu ikasleen euskalduntzea eta albo batera egin beharko luke.

ELAk 2023an salatu zuen hizkuntz ereduak mantentzen baziren hezkuntza sistemak soilik gaztelaniaren ezagutza bermatuko zuela eta horregatik euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu zuen. Unibertsitaterako sarbide frogek erakutsi dute egungo hezkuntza sistema ez dela nahikoa eta soilik gaztelaniaren ezagutza bermatzen duela. Ondorioz, berriz ere euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu beharra dago.

Bai emaitzek, bai Hezkuntza Sailaren jarrerak, bai epaitegiek euskara bigarren mailako hizkuntza eta euskaraz bizi nahi duten herritarrak bigarren mailako hiritar izatea dakarte. Euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako oldarraldi politikoari, mediatikoari eta judizialari aurre egin behar zaiola uste du ELAk eta, horregatik, bere militanteak bihar EHUn eguerdiko 12etan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria Zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatean mobilizatzera deitzen ditu.