Grebalariek patronalei eskatu diete akordioa bete dezatela
ELAk deituta, greba egin dute Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek. Gaurko deialdiak eragin nabarmena izan du eskoletan, batez ere, 2024ko otsailean grebari amaiera eman zien akordioan jasotako eduki guztiak -besteak beste eskola orduaren murrizketa- aplikatu gabe duten eskoletan. Horrela, Jaurlaritzak gehiegizkoak diren gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen arren, greba egiteko aukera zuten 3 langiletik batek greba egin du eskola hauetan. Era berean, eskola orduaren murrizketaren inguruko epaiketa gauzatu da EAEko Auzitegi Nagusian.
Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazio jendetsuan, langileek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei exijitu diete duela ia bi urte adostutako greba amaierako akordioa osotasunean bete dezatela eta adostutako edukiak hitzarmenean txertatu ditzatela.
“Ordutik patronalak jarraitzen ari diren estrategia onartezina da”, kexu da ELA. Adostutako hainbat atal ez dituzte bete, eta langileak etengabe epaitegietara jotzera behartzen ari dira. Gauzak horrela, adostutako materia horiek denbora luzez ez dira betetzen ari. Adostutako edukiak hitzarmen batean jaso gabe jarraitzen dute, gainera.
Patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren “utzikeria eta fede txarra” salatu ditu ELAk. 16 negoziazio mahai egin dira epealdi horretan, gehienak ELAren ekimenez bultzatuta, eta hainbat elkarretaratze eta mobilizazio eginda ere, aurrerapausorik gabe jarraitzen dute langileek. Hori gutxi ez, eta sindikatuek Jaurlaritzari hiru aldiz biltzeko eskatu arren, Lakuak ez du erantzun ere egin.
Lortu diren aurrerapausoetako batzuk epaitegiei esker lortu dira. Esaterako, adostutako soldatak adostutako epean ordaintzea. Sindikatuek salaketa aurkeztu zuten, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak patronalak zigortu zituen ordainketa egitera. Hala ere, zenbait konplementuk eguneratuta ordaindu gabe jarraitzen dute.
Adostutako eskola orduaren murrizketak ere bete gabe jarraitzen du, Kristau Eskola patronalak hala aginduta. Ondorioz, 2025-2026 ikasturtean, ikastetxeen %10 inguruk soilik erabaki dute eskola ordu bat gutxiago eta ordu osagarri bat gehiago ezartzea, akordioan jaso bezala. Erabaki hori ikastetxe horietako zuzendaritzek hartu dute, patronalen jarraibideei muzin eginez. Beste ikastetxeetan bete dadin, ELAk berriro ere epaitegietara jo behar izan du.
Kristau Eskola patronal nagusiak zuzendari berria izendatu du abenduan. ELAk jarrera aldaketa eskatu dio; ia bi urtez luzatzen ari den estrategiari amaiera eman diezaiola, akordioa bete eta hitzarmenean jaso dezala eskatu dio.