ELAk harriduraz jaso du STEILASek aldebakarrez Hezkuntza Legearen inguruko mobilizazioak iragarri izana
ELA, LAB, STEILAS eta CCOOren arteko batasun sindikala apurtu eta deialdia bertan behera geratu zenetik, ELAk mobilizazioen alde lanean jarraitu du. Izan ere, ELAk eusten dio Hezkuntza Legearen oinarrien inguruko irakurketa kritikoari, eta greba eta mobilizazioak bultzatu behar direla uste du langileekin asanbladak eginez, etorkizuneko Hezkuntza Legearen edukiak baldintzatzeko eta hobetzeko; baita langileak kontuan hartuko dituen prozesua abiatzeko ere. Horretarako, sinistuta dago greba eta mobilizazioak egin nahi dutenekin elkarlana ezinbestekoa izan behar dela, greba dinamika eraginkorrak helburu. Eta horregatik ere luzatu zio proposamen hori STEILASi.
Hori dela eta, ELAk harriduraz jaso du STEILAS sindikatuaren apirilaren 7rako lanuztea deialdia alde bakarrez egin izana. ELAk lanean jarraituko du bide hori urratzeko.