ELAk LABi proposatu dio Partaide eta EIB patronalen aurrean mobilizatzea hitzarmena negoziatzeko
ELAk uste du ikastoletan beharrezkoa dela LABek –UGT eta Interinok taldearekin batera– Jaurlaritzarekin sinatutako akordio laboralaren markoa gainditu eta aldarrikapen nagusiak jasoko dituen Lan Hitzarmen berri baten aldeko negoziaketa eta mobilizazio dinamikak abiaraztea. Hala proposatu dio LABi, langileen erretiro aurreratua ahalbidetzeko, eros-ahalmena berreskuratzeko, lanpostuak bermatzeko eta lan kargak arintzeko.
Hitzarmena 2024ko abendutik iraungita dago. Hitzarmen hura Partaide eta EIB patronalekin LABek sinatu zuen. ELAk ez, honako arrazoiengatik: hitzarmenak ez zuen Ikastoletako langileen erosteko ahalmena bermatzen, ezta erretiro partziala hartzeko eskubiderik ere, eta ez zuen jasotzen enplegua bermatzeko prozedura gardenik eta lan kargak arintzeko neurri eraginkorrik.
Horri gehitu behar zaio ELAren iritzirako Eusko Jaurlaritzarekin 2023ko ekainean LAB sindikatuak sinatutako akordio laboralak jasotako edukiak eskasak eta bermerik gabekoak direla Ikastoletako langileentzat.
Alde batetik, jasotzen den neurri bakarra delako ikastoletako langileen soldata langile publikoenekin homologatzea (gainerako lan baldintzen inguruan ez da deus zehazten). Bestetik, neurri horrek suposatu duelako KPIaren azpiko igoerak aplikatzea eta erosteko ahalmena galtzen jarraitzea, egun langile publikoen egoera hori baita. Akordio horrek ez du eduki nahikorik, eta ez du beste azalpenik ez bada une horretan EH Bilduk babesten zuen Hezkuntza Legeari babes sindikala ematea baino. Eta azkenik, agerian geratzen ari denez, bertan jasotakoa erabat zehazgabea izanik eta hitzarmen baten babesa izan gabe bete-arazteko tresnarik gabe uzten dituelako langileak.
Gizarte Ekimenean, esaterako, betetze bermeak dituzte langileek. Sindikatu guztiek sinatu zuten greba amaierako akordioak eduki zehatzak jasotzen dituelako hitzarmenaren indarra duen akordio horretan. Horrek egin du posible ez betetzeak egon direnean epaitegietara jotzea, epaiak irabaztea eta adostutako edukiak betearaztea. Hau gertatu da adibidez soldata igoerekin.