ELAk salatu du fusio prozesuak ezkutuan eta ikuspegi ekonomizista hutsez egiten ari dela Hezkuntza Saila
Hezkuntza Sailak hainbat eskola ixteko eta beste batzuk fusionatzeko asmoa duela egin du publiko azken egunetan, besteak beste: Leioako Lamiako eskola, Getxoko Larrañazubi, Bilboko Ingeniero Orbegozo, Tomas Camacho eta Deustuko eskola itxiko ditu eta beste hainbatetan fusioak planteatzen dituzte. 2024ko abenduan ELAk salatu zuen jada Hezkuntza sailak ezkutuan eta ikuspegi ekonomizista hutsez ikastetxe publikoen fusio prozesuak abiatu zituela. Gasteizko Aita Orbiso eta Umandi eskolen fusioa gauzatu zuen orduan.
Sindikatu, langile eta gainerako eragileen parte hartzerik gabe eta hauen ezkutuan gauzatutako prozesuak dira. Eskoletako langileen aldetik izan du ELAk fusio posibleen berri, mugimendu eta zurrumurruek hauengan sortutako kezkaren ondorioz. Hau dela eta aurreko ikasturtetik eskola publikoen planifikazioari buruz Hezkuntza sailarekin izan dituen hainbat bileretan eskatu dio fusio posibleen inguruko informazioa. Azkena urriaren 31an. Orduan informazio ezkutatzen ziotela salatu zuen eta gutxienez 3 aldiz eskatu du berriz ere plangintza batzordea biltzea. Sailak ez du nahi izan. Uko egin dio informazioa emateari. Hau horrela, erabaki drastiko hauen atzean dauden kasuak, lortu nahi diren helburuak eta horiek lortzeko plangintza zehatza ez ditu langileen ordezkaritzarekin partekatu, are gutxiago negoziatu.
Sailburuak atzo esan zuen itxiera eta fusioak ikasle kopuruaren jaitsieraren eta segregazioari aurre egiteko ahaleginaren ondorio zirela. Prozesuen gardentasun-eza ikusita, ELAk zalantzan jartzen du hori horrela denik.
Aldi berean, erabaki horiek azken urteetan gertatzen ari diren murrizketa prozesuaren barne kokatzen ditu ELAk. Ikasle kopuruaren jaitsiera sare publikoa indartu, segregazioari erantzun eta ikasleen arteko ekitatea lortzeko eta hezkuntza kalitatea hobetzeko paregabeko aukera da. Ikasle gutxiagoko ikasgelek, irakasleen lan-baldintza eta ikasleen ikas-baldintzak erabat hobetuko lituzkete. Baliabideak gehitzea eta ratioak jaistea eskatzen du honek.
Hezkuntza Sailak, aldiz, aurkako erabakiak hartu ditu. Horren erakusle da, pasa den maiatzean gainerako sindikatuekin sinatutako akordioa da. Bertan uko egin zitzaion ratioak jaisteari, lan osasuna eta kargak egokitzeari, baliabideak gehitzeari, behin behineko langileen egonkortzeari edota euskarazko murgiltze eredua ezartzeko baliabide eta planifikazioari.
ELAk Sailaren jokabidea salatzen du berriz ere eta uste du hau aldatzeko langileen aktibazio eta mobilizazioa ezinbestekoa dela. Horiek eman ezean, Sailak ezkutuan erabaki murriztaileak hartzen jarraituko du.
Hezkuntza Sailaren inposizio hau eta azken asteetan ematen ari diren beste batzuk salatzeko ELAk mobilizazioa deitu du. Hitzordua urtarrilaren 28 izango da Bilboko Hezkuntza Delegaritza aurrean, 11.00tan.