GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK (EAE)

Greba urtarrilaren 20an, greba amaierako akordioa bete dadin eskatzeko

2025/11/26
Greba urtarrilaren 20an, greba amaierako akordioa bete dadin eskatzeko
2024ko greba amaierako akordioan sinatutako eskola orduaren murrizketaren inguruko epaiketa egingo da egun horretan. Adostutako eduki guztiak hitzarmenean jaso daitezela eskatuko dute langileek, baita 2025eko soldatak adostea ere

ELAk greba deitu du EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan. Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek 2024ko otsailean sinatu zuten greba amaierako akordioa, eta geroztik, hainbat atal bete gabe jarraitzen dute. Esaterako, eskola orduaren murrizketa. Hori dela eta, bi urrats egin ditu ELAk: alde batetik, sindikatuak epaitegietara jo du eta urtarrilaren 20an egingo da eskola orduaren inguruko epaiketa; eta bestetik, urtarrilaren 20an bertan grebara deitu ditu langileak.

Bide judiziala eta sindikala

Greba amaierako akordioa sinatu zenetik 20 hilabete igarota, akordioan adostutako eduki batzuk bete gabe daude patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren utzikeria eta fede txarraren erruz. Adostutako edukiak hitzarmen batean jaso gabe jarraitzen dute gainera. Izan ere, 16 negoziazio mahai egin dira epealdi horretan, gehienak ELAren ekimenez bultzatuta, eta hainbat elkarretaratze eta mobilizazio eginda ere, aurrerapausorik gabe jarraitzen dute langileek. Hori gutxi ez, eta sindikatuek Jaurlaritzari hiru aldiz biltzeko eskatu arren, Lakuak ez du baiezkorik erantzun.

Gainera, lortu diren aurrerapausoetako batzuk epaitegiei esker lortu dira. Hala nola, adostutako soldatak adostutako epean ordaintzea. Sindikatuek demanda aurkeztu zuten, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak patronalak zigortu zituen ordainketa egitera.

Adostutako eskola orduaren murrizketak, ordea, bete gabe jarraitzen du, Kristau Eskola patronalak hala aginduta. Ondorioz, 2025-2026 ikasturtean, ikastetxeen %10 inguruk soilik erabaki dute eskola ordu bat gutxiago eta ordu osagarri bat gehiago ezartzea, akordioan jaso bezala. Erabaki hori ikastetxe horietako zuzendaritzek hartu dute, patronalen jarraibideei muzin eginez. Beste ikastetxeetan bete dadin, ELAk berriro ere epaitegietara jo behar izan du: urtarrilaren 20an izango da epaiketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Langileak, baina, ezin dira epaitegiek zer esango zain egon. Horregatik, adostutakoa bete dadila eskatzeko, ELAk greba deitu du: eskola orduaren murrizketaz gain, akordioan adostutako beste edukiak ere hitzarmenean jasotzeko eta 2025eko soldatak ere adosteko. ELAk gainerako sindikatuei bide horretara batzeko deia egiten die. Azkenik, patronalak eskaerei muzin eginez gero, ELAk garbi du epaitegiez gain, grebaren bidetik jarraitu beharko dutela langileek.