Hezkuntza sailak “egonkortasun” agindua bertan behera utzi eta benetako kontsolidazio prozesuak negoziatu behar ditu

2020/02/26
ELAk bilkura egin du Hezkuntza Sailak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako “egonkortasun” agindua bertan behera utzi eta benetako kontsolidazio prozesuak negozia ditzala eskatzeko.

Urtarrileko Plangintza Batzordean azken urtean zehar iragartzen joan den aginduaren zirriborroa aurkeztu zen. Aldi baterako beharrak betetzeko eta zerrendako hautagaiak lanpostu horietan "egonkortzeko" lanpostuak esleitzeko prozedura gisa aurkeztu bazen ere, proposamen horrek ez du egonkortasun handirik, eta langileen prekarietatea mantentzea eta areagotzea baino ez dakar.

2018an Gobernuk gainerako sindikatuekin sinatutako akordioaren ondorio bezala proposamena lehenengoz egin zenetik, ELA-k agindu honen aurkako jarrera adierazi eta mantendu du eta oraingoan ere, azken zirriborroaren aurrean berriz ere honakoa salatzen dugu:

  • Agindu honekin ez da inolaz ere langileen egonkortasunik lortzen eta hezkuntza publikoko irakasleen behin-behinekotasun tasa jasanezina bere horretan mantentzen da (%28). Beraz, benetako arazoari heldu beharrean beste behin ere partxe txar bat jartzearekin estali nahi du Gobernuak egiturazko arazoa.
  • Modu honetan, aginduak behin behineko diren langileen egoera prekarioa mantentzea edo eta areagotzea ekarriko duela argi daukagu.
  • Edukiei erreparatzen badiegu, egungo sistema osoki aldatzen duen planteamendua topatzen dugu eta onartezinak diren gabezia, hutsune eta arriskuak sortaraziko dituela begi bistakoa da. (Besteak beste, egungo baremazioaren ondorioak nolabait desegiten dira eta esfortzu handiz lorturiko puntuek balioa galtzen dute, puntu pilaketak ez duelarik lanpostu bat eskuratzeko inongo ziurtasunik bermatzen).
  • Aurrez esan izan dugun moduan, ELA-ren ustez, badago alternatiba benetako arazoari, hau da, behin-behinekotasunari irtenbide bat emateko:
    • Ezinbestekoa da behar estrukturalak lanpostu estrukturalekin betetzea eta hori lortzeko bidea kontsolidazio bermeak izango dituen EPE masibo bat egitea da eta egoera berriro errepika ez dadin beharrezko neurriak hartzea.

Guzti honekin, Gobernuari eskatzen diogu, ezin konpondu ahalko diren kalte gehiago sortu aurretik, agindu proposamena berehala bertan behera utzi eta behin-behinekotasunaren aurrean benetako irtenbideak planteatzen dituen proposamena jar dezala mahai gainean. Hala egiten ez duen bitartean, ELAtik langile batzarrak egin eta mobilizatzen jarraituko dugu egiturazko arazo den behin-behinekotasuna lehen lerroan jarri arte.