EAE HEZKUNTZA PUBLIKOA
Irakasleek grebara jo dute berriro, Jaurlaritzak edukirik gabeko mahai deitu eta hurrengo egunean

EAEko irakasle publikoen grebak jarraipen handia izan du, beste behin ere. Hala ere, sindikatuek Eusko Jaurlaritzak ezarritako "gehiegizko" gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte, ehunka langileri ukatu baitzaie grebarako eskubidea.
Hala ere, greba arrakastatsua izan dela diote, Bilbon bildutako jendetzak islatu duen bezala. `Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabaki´ lelopean deitutako mobilizazioan hezkuntza publikoko milaka irakasle izan dira eta Hezkuntza Sailaren jarrera salatu dute: Hezkuntzako irakasleen lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartzen ditu erabakiak eta negoziazioak edukirik gabe luzatzen ari dira.
Gainera, gaurko deialdiak garrantzia berezia du, azken negoziazio mahaiak huts egin eta hurrengo egunean egin baita. Izan ere, atzo, martxoak 24, Hezkuntza Sailak negoziazio mahai batera deitu zituen sindikatuak, baina ez zuen negoziazioan aurrerapausorik ekarriko zuen edukirik aurkeztu. Izan ere, ez zituen jasotzen Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik ezagutzen dituen langileen aldarrikapen asko. "Beste behin ere, Hezkuntza Sailaren asmoa sasi negoziazioaren plantak egitea izan zen", deitoratu dute sindikatuek. Negoziazio serioa nahi dutela berretsi dute, "hitz solteez haratago”.
Gauzak horrela, bosgarren greba egun honetan ere, irakasleek mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari: 15 urte lan akordioa eguneratu gabe dago. Lan kargak arindu behar dira, plantillak gaztetzeko plan egokia ezarri behar da, enplegu publikoa sendotu eta bermatu behar da, erosahalmena berreskuratu behar da, eta lan osasuna, euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia da.
Sindikatuek edukiak negoziatzeko mahaiak deitzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Hezkuntza publikoa indartzeko, ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea, adierazi dute.
Bihar, martxoak 26, eta asteazkenean, martxoak 27, beste bi greba egun deitu dira.
Hezkuntza Sailak langileen aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu, grebekin jarraituko dute.