IKASTOLAK

Langileen erosahalmena bermatzen ez duen aurrekordioa sinatu dute, Gizarte Ekimeneko greba baliatuta

2024/01/17
EAEko ikastoletako lan hitzarmenaren aurreakordioak aldaketa zehatz bakarra jasotzen du, jada legez onartutako lizentzia eta baimenez gain: soldaten igoera. LABek sinatu du patronalekin aurrekoardioa, eta horrela ontzat eman du 2027an ikastoletako langileen soldatak parekatzea hezkuntza publikokoekin, epe horretan eroshalamena galdu arren.

Hezkuntza Legearen negoziazioetan Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan, ELAk eskaintza bera jaso zuen. Parekatzea onartzeko, ordea, erosahalmena bermatuta behar zela adierazi zuen sindikatuak, Hezkuntza Legearen inguruko beste aldarrikapen batzuekin batera. Izan ere, sektore publikoko langileek erosahalmena galdu dute urteotan; bi urteotan beste %5eko soldata murrizketa izan dute, eta hamar urtean %20ko erosahalmena galdu dute. ELAk ezin du murrizketa hori ontzat eman, ez sektore publikoan, ez itunpeko langileetan. Horregatik ezin du gisa horretan soldaten parekatzea onartu: soldata murrizketak ontzat ematea dakarrelako. Hezkuntza publikoko zein gizarte ekimeneko ikastetxeetako grebak horren aldarrian egin dira, besteak beste.

Hezkuntza Legea onartzearen bezperetan, LABek lau urtetan itunpeko langileen soldatak publikokoekin parekatzea adostu zuen Jaurlaritzarekin eroshalamena bermatu gabe, lege horri babes sindikala emateko. Parekatze hori lau urtean egitea adostu zuten, baina Gizarte Ekimenetako grebak direla eta, Jaurlaritzak onartu du 2024ean egitea soldaten parekatzearen %80. Datozen urteetan, ordea, soldata igoera KPIaren erreferentziarik gabe egitea adostu zuen LABek Jaurlaritzarekin, eta ondorioz soldata igoerak ez du bermatuko erosahalmena. Ikastoletako langileak erabakitzeko aukerarik gabe, eta sektore publikoaren menpe geratu dira.

Gainera, ELArentzat ulergaitza da akordioa erdiestea soldataz besteko edukietan inolako zehaztapenik eta bermerik lortu gabe. Adibidez, jaiotze kopurua txikitzeak ekar dezakeen lanpostu suntsiketari aurre egiteko, edo lan kargen handitzeari aurre egiteko. Era berean, ELAk azpimarra jarri nahi du aurreakordioaren epe eta prozeduran. Izan ere, Ikastoletako negoziazio mahaia aurreratu egin zuten: berez, urtarrilaren 24an egitekoa zen, baina atzora aurreratu zuten, ez kasualitatez Gizarte Ekimeneko grebaren bezperara.

Hori gutxi ez, eta LABek gehiengoa duen sektore bateko aurreakordioak LAB marjinala den (%8ko ordezkaritza du) beste sektore bateko negoziazioak baldintzatzeko baliagarri zaio Eusko Jaurlaritzari zein sektore horretako patronalei. Izan ere, finantziazio publikoa berdina izanik Ikastoletan eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan, LABek KPItik beherako soldatak ontzat eman ditu; horrek Gizarte Ekimenean akordioa zaildu egiten du.

Ikastoletan greba dinamikak sustatu balira, ELAk uste du hezkuntza pribatuko langile guztien lan baldintzak hobetzeko aukera gehiago legokeela, besteak beste, enplegua bermatzeko eta lan kargak murrizteko. Ikastoletako langileek ere merezi zuten grebarako aukerak izatea, lan baldintzak eta hezkuntza marko legal egokia lortzeko. Horregatik, ELArentzat gaitzesgarria da LABen jarrera, Gizarte Ekimeneko langileen borroka baliatu duelako Ikastoletako aurrekordiorako, eta patronalen eta Jaurlaritzaren interesen menpe jarri duelako negoziazioa.