Emakume izateagatik prekarizatuak (iritzia)

2022/06/15
Zaintza denon ahotan dagoen terminoa bihurtu da azken aldian. Baina diskurtsoetatik at, ez du hainbesteko arretarik jaso politika eta berau duintzeko neurri errealetan. Zaintza lanak , historikoki emakumeoi ezarri zaizkigun zereginak izanda, ezkutatuak, sozialki aitortu gabeak eta prekarizatuak izan dira. Badira eredu familista edo tradizional batean (soilik) ebazten ditugun zaintza beharrak, baita bestelako modu merkantilistan, zaintzaileen esplotazioan oinarrituta, asetzen ditugunak ere. Biak ala biak, sistema kapitalista (cis)heteropatriarkalak etekina ateratzen duen moduan antolatuak daudelarik, noski. Hauxe bera modu argian erakutsi digu azken urteetan Mugimendu Feministak.

Azken pandemiak, eta honek sortutako krisi sozialak, eztabaida plazara atera badu ere, ezer gutxi aldatu da emakume zaintzaileon egunerokotasunean. Pandemia garaian zeozer aldatuko zela zirudien arren, instituzio eta arduradun politikoek orohar, logika neoliberal eta espekulatiboan kokatzen jarraitu dute zaintza, are gehiago sakonduz zaintza krisian.

Guk ,ordea, argi dugu diskurtsoetatik praktikara pasatzeko ordua badela; ez al duzue uste?

Zentzu honetan, noski, lehenengo lerroan zaintza sektorean lan egiten duten langileak egon behar dutela argi dugu ere, haiek baitira subjektu nagusia. Horretarako hilabete luzeak lanean daramatzagu Aiaraldean: sektore honetako langileen interesak, problematikak eta beharrak defendatuko dituen sareak ehuntzen.

Egin ditugu asanbladak, hartu ditugu kafeak, Artziniagatik Orozkoraino mobilizatu gara, salatu ditugu kaleratzeak eta Madres Mercedariaseko langileekin batera egin dugu oihu “no pedimos caridad, exijimos dignidad”, eskoletako jantokietako langileekin saretu gara… Inurri lanean, baina gelditu gabe.

Zaintza sektoreko langileen baldintzen inguruan, sistema honek emakumeoi ezartzen dizkigun rolen inguruan eta zaintza krisiari aurre egiteko erronken inguruan hitz egiteko, ordea, gainontzeko herritarrok ere badaukagu ardura. Ardura kolektibo honi bide eman eta hau guztia kalera ateratzeko garaia da. Beraz, Ekainaren 18an Amurrion ospatuko ditugun “Emakume izateagatik prekarizatuak, esenciales para sostener la vida” jardunaldietan guzti honi ikusgarritasun bat eman nahi diogu.

Badakizue etxeko langile askok eta askok kontraturik gabe, modu irregularrean lan egiten dutela, mehatxuak jasoaz eta ia esklabutza egoeretan? Badakizue erresidentzietako langileen lan kargek aitortzen ez diren gaixotasun asko sufritzera eramaten dituztela? Eta gehienetan ordu pila bat lanean egon ostean 1.000 eurora iristen ez den soldataren truke egiten dutela lan? Badakizue zenbateko ratioak dituzten jantokietako langileek 30 minutu baino gutxiagoan otorduak gestionatzeko? Eta zer nolako errekonozimendu eza dagoen askotan familien zein hezkuntza komunitatearen partetik? Etxez etxeko zaintza lanetan dabiltzan emakumeek beharrezko diren inolako tresnarik gabe lan egiten dutela gehienetan? Zergatik kobratzen dute feminizatuta dagoen garbikuntza sektoreko langileek, kaleetan lan egiten duten- eta gehienetan gizonak diren- langileek baino askoz gutxiago? Aitortu ahal dugu denda eta supermerkatuetako langileen eguneroko lana? Zeina oinarrizkoa izan zen eguneroko produktuez hornitu eta bizitzekin aurrera jarraitzeko.

Egoera hauek denak gure eskualdeko errealitatearen parte ere badira. Ez dezagun ahaztu, eta beste alde batera begiratu.

Eskualde bezala, inoiz agenda politikoan egongo ez den urgentzia batzuetaz hitz egitea tokatzen zaigu. Hasteko, entzutea tokatzen zaigu. Eta ondoren hausnartzea. Zer egiteko prest gaude egoera hauen aurrean?

Aiaraldean azken urtean argi geratu da batasunak eta borrokak garaipen txiki eta handietara garamatzala. Eta esparru honetan asko dugu irabazteko!

 

Maider Urtaran, Nekane Martinez, Ludi Temiño eta Maddi Isasi. Aiaraldeko Greba Batzordeko eta Mugimendu Feministako kideak