SIDENOR (GASTEIZ)

Kaleratzeen aurkako lehen greba egunak jarraipen zabala izan du

Kaleratzeen aurkako lehen greba egunak jarraipen zabala izan du
ELA eta LAB sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte Gasteizko Sidenorren, bidegabe kaleratutako lau lankideak berriro lanera itzul daitezen eskatzeko. Azaroaren 26an lehen greba eguna izan da, eta jarraipena oso handia izan da. Grebak enpresaren hainbat sekzio geldiarazi edota baldintzatu ditu. Hurrengo greba egunak azaroaren 28an eta abenduaren 2an izango dira.

Kaleratutako langileek euren kategoria erreklamatu, eta enpresak hasiera batean onartu bazien ere, erabakia atzera bota eta espedientea zabaldu zien. Ondoren etorri dira kaleratzeak. ELA eta LABek argi dute jazarpen sindikala dagoela erabakiaren atzean: enpresak kaleratzeekin langileei igorri nahi die mezua, halakorik berriro egin ez dezaten.

Bestetik, UGTk gehiengo osoa duen komitearen jarrera deitoratu nahi dute sindikatu deitzaileek. UGTk, CCOOrekin batera, ez ditu langileen interesak defenditu eta argudiatu du ez direla enpresa barneko bideak jorratu kategoria eskaerak lortzeko. Onartezina da hori, legeak baimentzen duen bidea jorratu dutelako langileek. Areago, langileekin egoeraz aritzeko asanblada deitzeko eskatu diegunean, ezezkoa eman dute, enpresak bideratutako foroak horretarako direla argudiatuta. Foro horietan ez daude ez ELA, ez LAB.

Egoera hori salatzeko, langileek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dute Sidenorren. Beste enpresetako langileak ere elkartu dira, hala nola, Fibertecnic enpresako grebalariak. Guztiak bat datoz jazarpenarekin amaitu behar dela aldarrikatzerakoan, eta kaleratutako lankideak berriro lanpostuetara itzuli daitezela eskatu dute.