Gipuzkoako Errepide Salgaien Garraioa

Mobilizazioak hitzarmena berritzea eskatzeko

2024/04/08
Elkarreratzea egingo dute Donostian apirilaren 12an. Negoziazioa Gipuzkoan egin dadila eskatzen du ELAk.

Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren hitzarmenak 15 urte daramatza negoziatu gabe. Guitrans sektoreko patronalak, ordea, uko egiten dio negoziazioari, eta sindikatuek otsailaren 7an eta 29an egin dituzten bi deialdietara ez da aurkeztu. Patronalak negoziatzeari uko egin dio argudiatuz une honetan Madrilen garraio enpresentzako III. Akordio Orokorra negoziatzen ari direla.

ELAk salatu duenez, jarrera horrekin, Guitransek, Gipuzkoan hitzarmena negoziatzeko gaitasuna duen sektoreko patronal bakarrak, Gipuzkoako 463 enpresa eta 4.654 langile 2009. urtetik eguneratu gabeko lan baldintzak izatera kondenatzen ditu.

Era berean, UGT eta CCOO sindikatuen gardentasun falta salatu du ELAk, Madrilen egiten ari diren negoziazioaren parte aktibo izanik. Gipuzkoako langileentzat murrizketa eta eskubideen galera bihur daitezkeen negoziazioak dira horiek.

Horregatik, ELAk Gipuzkoako lan baldintzak hemen negoziatzeko eskatu du. Horretarako, mobilizazio dinamika berri bati ekingo zaio, eta aurrenekoa apirilaren 12an, 11:00etan, izango da Donostiako Guitransen egoitzaren aurrean (Portuetxe, 9).