TELPARK GIPUZKOA

ELAk akordioa lortu du Donostiako aparkalekuetan

2025/04/15
Apirilaren 17tik 22rako greba deitu ondoren, ELAk lan-baldintzak eta segurtasuna hobetzeko akordioa sinatu du enpresarekin.

ELAk akordio bat lortu du Telpark enpresak kudeatutako Donostiako aparkalekuetako langileen lan-baldintzak hobetzeko, aste honetarako aurreikusitako greba deitu ondoren.

Urtarrilean, enpresak lau pertsona kaleratu zituen eta plantillaren baldintzak aldatu zituen (aldaketak egutegian eta ordutegietan, eta gaueko plusa kendu zuen). ELAk lortutako akordioari esker, aldaketa horiek lehengoratu dira, gaueko plusa berreskuratu da, udako eta neguko bi ordutegi bereizi egongo dira eta, gainera, langileek segurtasunari buruz dituzten beste aldarrikapen batzuk lortu dira.

Horrela, enpresak konpromisoa hartzen du ateak jartzeko aparkalekua gauez itxita egon dadin eta soilik erabiltzaileak eta langileak sartu ahal izan daitezen. Aparkaleku guztiak (Atotxa (Egian), Katalunia plaza (Grosen), Okendo, Kontxa, Easo eta Boulevarde) itxi arte ere bi kontratazio berri egingo dira.

ELAk positibotzat jo du akordioa, eta azpimarratu du posible izan zela antolakuntza sindikalari eta mobilizazioei esker.