GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK

ELAk epaitegietara jo du, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio kolektiboan fede txarrez jokatzea egotzita

2026/09/25
ELAk epaitegietara jo du, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio kolektiboan fede txarrez jokatzea egotzita
ELAk Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalak salatu ditu sinatutako akordioak ez betetzeagatik; epaitegiek, berriz, akordioak betearazteko agindu dute behin eta berriro. Eskubide sindikala urratzeagatik Kristau Eskola eta AICE-IZEA zigortzea eskatu du.

ELAk, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen % 58 ordezkatzen duenak, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalak salatu ditu epaitegian, negoziazio kolektiboan fede txarrez aritzea eta eskubide sindikala urratzea egotzita. Sindikatuaren arabera, azken hamabost urteetan egindako greba dinamikek lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak ekarri badituzte ere, patronalek behin eta berriz uko egin diote sinatutako akordioak betetzeari. Horren ondorioz, langileak epaitegietara jotzera behartu dituzte, eta adostutako hobekuntzen aplikazioa bi urte inguru atzeratu izan da.

Azken gatazka irakasleen eskola orduaren murrizketari dagokio. 2024ko otsailean, hamalau greba egunen ondoren sinatutako akordioaren arabera, 2025-2026 ikasturtetik aurrera astean eskola ordu bat gutxiago eta prestaketarako ordu osagarri bat gehiago izan behar zituzten irakasleek. Hala ere, patronalek bigarren ikasturtez jarraian agindu diete ikastetxeei neurri hori ez aplikatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak akordioa betetzera behartu ditu, baina patronalek auzia Auzitegi Gorenera eramatea erabaki dute.

Ez-betetze horiek ez dira gertakari isolatuak. 2010ean, patronalek langileen soldatak % 5 murriztu nahi izan zituzten, Jaurlaritzaren finantzaketa murrizketak argudiatuta; 2019an, 29 greba egunen ondoren sinatutako akordioaren eta 2017-2021eko hitzarmenaren zenbait eduki ez aplikatzen saiatu ziren; eta 2023-2024ko greben ostean adostutako soldata igoerak ez zituzten aurreikusitako epeetan aplikatu.

ELAk auzitara eraman ditu ez-betetze horiek guztiak, eta, adierazi duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak eta Auzitegi Gorenak patronalen erabakiak legez kontrakotzat jo eta akordioak betearazteko agindu dute. Epaitegiek, halaber, baztertu egin dute Jaurlaritzaren finantzaketa handitzea adostutakoa betetzeko baldintza izatea.

Testuinguru horretan, ELAk patronalak salatu ditu, negoziazio kolektiboan behin eta berriz fede txarrez jarduteagatik. Oinarrizko eskubide sindikala urratu izana aitortzea eta isuna ezartzea eskatu du. Salatu duenez, epaitegiek baztertutako argudioak erabiltzen dituzte patronalek sinatutako akordioak ez betetzeko; ondorioz, adostutako hobekuntzen aplikazioa atzeratu eta langileen eskubideei kalte egiten die eta ikasleen arreta kaltetu. Horrez gain, prozedura judizialen erabilera desegokia gaitzetsi du ELAk. ELAk akordioak betetzeko mobilizazioekin ere jarraituko du. Horrela, irailaren 30ean Kristau eskolaren ikasturte hasierako ekitaldian mobilizatuko da.