Haurreskolak

ELAk aldarrikatu du esleipen prozesuetan lanpostu huts guztiak eskaintzea

2026/07/20
ELAk aldarrikatu du esleipen prozesuetan lanpostu huts guztiak eskaintzea
77 langileren finkatze prozesuan hutsik dauden hainbat lanpostu ez eskaintzea erabaki du Partzuergoak. Eibarko egoitzaren aurrean elkartaratzea egin dute langileek.

ELAk bultzatutako demandari esker, 77 langile gehiagoren finkatze prozesua gauzatzen ari da Haurreskolak Partzuergoan. Prozesu horren barnean, ordea, hamarnaka langileren eskubideak urratzen dituen erabakia hartu zuen Partzuergoak. Aurretik proposatutakoaren aurka, eta funtsezko arrazoirik eman gabe, 77 langileren finkatzean 77 plaza bakarrik eskaintzea erabaki zuten; izatez, 162 lanpostu hutsik dauden arren.

Hala salatu du ELAk gaur, Eibarko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Egoera konpondu ezean, mobilizazio gehiago bultzatzen jarraituko du sindikatuak. Ildo beretik, argi utzi du langileen eskubideak epaitegietan ere defendatzen jarraituko duela.

Izan ere, ELAren hitzetan, enplegu finkoaren, gardentasunaren eta fede onaren aurkako erabakia da Partzuergoak hartutakoa. Hauek dira bere kexa nagusiak:

1- Lanpostu aukerak mugatuta, beste behin ere langileen finkatzea konplikatzen dute.

2- Partzuergoak hutsik dauden lanpostuen artean 77 aukeratu ditu. Gaur gaurkoz ez da azaldu zer irizpideren baitan eta zer lanketa eginda aukeratu dituen lanpostu horiek.    

3- Fede txarrez jarduten ari dira: ekainaren 12an haurreskoletako mahaia ospatu zen. Bertan Partzuergoren proposamena izan zen 77 langileren finkatze prozesuan lanpostu huts guztiak eskaintzea. Beste inolako komunikaziorik gabe, aurkako erabakia hartu zuten deialdia argitaratzean.

ELAk Auzitegietara jo behar izan zuen kontsolidazio prozesuan behar baino lanpostu gutxiago eskaini zituztelako. EAEko Auzitegi Nagusiak ELAren tesia berretsi zuen arren, Partzuergoak auzia Madrilgo Auzitegi Goreneraino eramatea erabaki zuen. Ondorioz, langileen eskubideen egikaritzea hainbat hilabetez atzeratu zen.

77 langileak finkatu behar dituztela konfirmatu ondoren ere, azken momentuan eta pisuzko arrazoirik gabe, finkatzea baldintza okerragotan gauzatzea erabaki du Partzuergoak. Guztia, hasiera batean haiek proposatutakoaren aurkakoa eginez. 

Gauzak horrela, ELAk Partzuergoari eskatu dio zuzendu dezala  bere erabakia. Halere, hura mantentzeko asmoa berretsi du Partzuergoak.