ADMINISTRAZIO PUBLIKOA

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio urratsak egin ditzala euskararen eta gaztelaniaren ezagutza parekatzeko

2026/01/29
ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio urratsak egin ditzala euskararen eta gaztelaniaren ezagutza parekatzeko
Sindikatuak kezkaz hartu du Funtzio publikoko Mahai Orokorrean Jaurlaritzak euskararekiko erakutsitako jarrera

Herenegun Eusko Jaurlaritzako 115.000 langileren lan baldintzak eztabaidatzen dituen mahai orokorra bildu zen. ELAk kezkaz hartu du bertan euskarari buruz Jaurlaritzak idatziz jasotakoa, bereziki, euskararen kontrako eraso betean gaudela kontuan izanik. ELAren ustez, “Jaurlaritzak ez die aurre egiten epai eta diskurtso euskarafoboek euskara eskakizunak ezartzearen kontra erabiltzen dituzten argudioei. Are gehiago, uler daiteke erasoen aurrean auzia erabat erlatibizatzeko asmoa duela”.

Horregatik, ELAk gobernuari igorritako gutunean eskatu dio euskararen ezagutza ezartzearen aurkako epai eta diskurtso horiei aurre egin diezaiela, hizkuntz-eskubideen alde egin dezala eta euskal administrazioetan euskararen eta gaztelaniaren ezagutza-eskaria parekatzeko urratsak egin ditzala.

ELAren ustez, Euskara eta gaztelaniaren ezagutza-eskaria parekatzea, berdintasunerako eta kohesio sozialerako bermea da. ELAk EAEko administrazioetan euskara eta gaztelaniaren ezagutza parekatu behar direla uste du, euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin. Honek eskatzen du, lanpostu publiko bat betetzeko gaztelaniaren ezagutza derrigorrezkoa den bezala, euskararen ezagutza ere derrigorrezkoa izatea. Helburu hori lortzeko ibilbidea da Jaurlaritzak planifikatu eta baliabide, zein tresnaz, hornitu beharko lukeena. 

Bestalde, Azken urteetan, VOX, PP eta PSE alderdien edota CCOO eta UGT sindikatuen ekimenez, ebazpen judizial ugari egon dira euskararen kontra. Asko, euskal administrazioetan lanpostu publikoak betetzeko erakundeak finkatutako euskarazko ezagutza eskakizunen kontra.

ELAren ustez, Jaurlaritzaren jarrera kezkagarria. Testuinguru honetan, Jaurlaritzak ez dio aipamen bakar bat ere egin epai hauei, ez eta euskararen normalkuntzarako eragin duten egoera korapilatsuari ere. Euskararen aurkako jokabideen gaineko aipamen oso orokor baten ondoren, esaten du erasoei aurre egiteko konfrontazioaren bideak kontrako giroa sor dezakeela. Protesta eta salaketen aurka dagoela ulertarazi du, erasoa erabat erlatibizatuz eta ELAren moduan oldarraldia salatzen dutenak deitoratuz.

Jaurlaritzak argitaratutako testuan auzitan jarri du egun hizkuntz-eskakizunak ezartzeko erabiltzen den derrigortasun indizearen garrantzia, nahitaez bete beharreko indizea beste parametro bat baino ez dela adieraziz; ELArentzat, hau oso “larria” da. Izan ere, espainiar eragile desberdinek, “gutxienez” bete beharreko derrigortasun indize hau, “gehienez ere” bete beharreko derrigortasun indize bihurtu baitute, administrazioetan euskaraz lan egiteko gaitasuna duten langile kopurua mugatu dute, eta langile guztiei gaztelera menderatu beharra inposatu diete.

Halaber, gakoa herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea dela jaso du Jaurlaritzak. Euskara lan- hizkuntza izateari buruzko aipamenik ez du egin. ELAk adierazi du, “hau espainiar eragile eta ebazpen judizialek erabili ohi duten argudio bat da euskarazko ezagutzarik gabeko lanpostuak behar direla defendatzeko, eta Euskal Herrian bizi diren herritar guztiei euskararen ezagutzaren bermea ukatzeko”.

Egungo sistemak ondo funtzionatzen duela ere badio gobernuak. Hau sostengatzeko dio 1995ean administrazio orokorreko langileen %34k bakarrik zekiela euskaraz (jarraian egiaztagiri bat zeukala zehaztuz), 2025ean kopurua %90ekoa den bitartean. ELAren iritziz, datu hau tranpatia da, baina. Alde batetik, Administrazio orokorra aipatzen duelako soilik. Bertan 8.000 langilek dihardute, baina Eusko Jaurlaritza osoan 115.000 dira. Bestetik, administrazio askotan gaztelania inposatzen zaielako langileei lan-hizkuntza gisa, sarri zuzendaritza-ardurak dituztenek eurek ez dutelako euskara maila egokirik; ondorioa da agiria lortu duten langileetako askok eta askok bere garaian eskuratutako maila galdu dutela.

Tamalez, errealitatea da euskal administrazioak sortu eta 40 urte geroago, Jaurlaritzak ez dituela oraindik euskal herritarron hizkuntz eskubideak bermatzen. Ertzaintza, Osakidetza edota Lanbide heziketako egoerak ikusi besterik ez dago.