ELAk salatu du Hezkuntza Saileko arrisku psikosozialen ebaluazioa “itxurazkoa” dela
ELAk salatu du Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoan abiarazitako arrisku psikosozialen ebaluazioa “itxurazkoa” dela eta ez duela bermatzen langileen eta ikasleen ongizate emozionala babesteko neurri eraginkorrik.
Lan-osasun araudia ez betetzeagatik ELAk jarritako salaketaren ondoren, Lan Ikuskaritzak ebaluazioak martxan jartzeko agindu zion Sailari. Sindikatuak gogorarazi du urte luzez EAEko 600 ikastetxe publikotan arrisku psikosozialen ebaluazioak egin gabe edo eguneratu gabe egon direla. 2024ko irailean, ELAk prebentzio zerbitzuko taldea bikoiztea eskatu zuen —14 teknikaritik 28ra— 2024-2025 ikasturterako.
Sailak prozesua hasi du eta otsaila eta martxoa bitartean galdetegi bat zabalduko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoko langileen artean. Hala ere, aitortu du ez duela behar adinako azpiegiturarik ikastetxe bakoitzari egokitutako prebentzio planak eskaintzeko.
ELAk uste du ebaluazioak eraginkorrak izan daitezen honako baldintzak bete behar direla:
-
Ikastetxez ikastetxe egitea, bakoitzaren errealitatea kontuan hartuta.
-
Metodologia parte-hartzailea erabiltzea, langile eta ordezkarien inplikazioarekin.
-
Azterketa prebentzio zerbitzu propioak egitea, baliabideak indartuz eta azpikontrataziorik gabe.
Sindikatuaren arabera, Sailak aldebakarrez erabaki du FSICO metodologia modu mugatuan erabiltzea, eta horrek ondorio hauek ditu:
-
Ez dago ordezkaritza sindikalaren parte-hartzerik plangintzan, garapenean edo emaitzen azterketan.
-
Langileen parte-hartzea oso mugatua da: 35.000 pertsonarentzat 380 elkarrizketa baino ez dira aurreikusten.
-
Ebaluazio orokorra egingo da, ez ikastetxekakoa; horrek arazo zehatzak ezkutatu ditzake.
-
Prozedura tramite huts bihurtzeko arriskua dago, benetako neurri eraginkorrik gabe.
-
Zerbitzua azpikontratatzea. Hezkuntza Publikoaren errealitatea ezagutzen ez duen enpresa baten esku utziko da azterketa.
-
Ez dago adostutako egutegirik, ezta prozesuaren faseei buruzko informazio zehatzik ere.
Egoera honen aurrean, ELAk berriz eskatu du arrisku psikosozialen ebaluazioak ikastetxez eta sektorekako egin daitezela, prebentzio zerbitzu propioaren bidez eta beharrezko baliabide eta teknikariz hornituta. Sindikatuak azpimarratu du horrela soilik bermatuko direla hezkuntza komunitateak egunero bizi dituen estres, antsietate eta gatazkei aurre egiteko neurri egokiak, eta sinadura bilketa abiatu du ikastetxeetan eskaera horren alde.