SEGREGAZIOA

Elkarretaratzea irakasleen negoziazio mahaiaren atarian segregazioari aurre egiteko baliabide eta neurriak eskatzeko

2025/11/19
Elkarretaratzea irakasleen negoziazio mahaiaren atarian segregazioari aurre egiteko baliabide eta neurriak eskatzeko
ELAk baliabide eta ratio hobekuntzak, lan karga egokiak eta irakasleen egonkortasuna eskatu ditu Lakuan egindako mobilizazioan. ELAk gainerako sindikatuei eta eragileei dei egiten die segregazioari aurre egiteko aldarrikapen eraginkorrak adosteko eta hauen aldeko dinamika bateratua abiatzeko

ELAk uste du irakasleen negoziazio mahaiari dagokiola segregazioari aurre egiteko eta ikasleen ekitatea bermatzeko hainbat neurri hartzea. Horregatik egin du gaur elkarretaratzea irakasleen negoziazio mahaiaren atarian, Eusko Jaurlaritzari neurri hauek negozia ditzala eskatzeko.

Irailaren 8an egin zen Eusko Jaurlaritzak deituta segregazioaren aurkako ituna lortzeko mahaiko lehen bilera. Hiru aldiz bildu da foro hau “eskola bikaina denontzat” izenpean.

Baina, gero eta ageriago geratzen ari da mahai horretan ez direla erabakiko segregazioari aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketa estrukturalak. Baita zein den foro honen helburua ere, benetako neurriak hartu gabe auziari heltzen ari zaionaren itxura egitea hain zuzen ere. Hainbat sindikatu eta eragileren aldetik egindako kritikak ikusi besterik ez dago bai forma, diagnosi zein edukien inguruko gabeziei buruz.

ELAk foro horretan ez egotea erabaki zuen. Argudiatu zuen 2023an onartutako Hezkuntza Legea eta maiatzaren 9ko irakasleen lan baldintzen inguruko akordioa (Jaurlaritzak gainerako sindikatuekin sinatutakoa, ELAk ez baitzuen sinatu) oinarri izanik ezinezkoa zela segregazioari erantzutea, kohesio soziala lortzea eta ikasleen ekitatea bermatzea. Izan ere, Hezkuntza Legearekin eta maiatzean sinatutako akordioarekin uko egin zitzaion sakoneko aldaketei.

Maiatzeko akordioan uko egin zitzaion ikasleen aniztasunari eta beharrei erantzuteko zein ikasle etorri berriei harrera egokia, bereziki hizkuntza harrera egokia, egiteko beharrezko liratekeen ratio hobekuntza eta profesional espezifiko gehiagori. Baita irakasle zein hezitzaileen egonkortasuna bermatzeko neurriak hartzeari (kontsolidazio prozesuen ondoren behin behinekotasunak %30eko langa gainditzen jarraituko baitu) edota lan karga burokratikoa murrizteari ere.

Hezkuntza Legean berriz, Euskarazko murgiltze eredua EAEko eskola guztietan ezartzeari zein kurrikulum propioa garatzeari eta inplantatzeari ere uko egin zitzaion. Bi elementu hauek denen eskubideak eta kohesioa bermatzeko gakoak dira, murgiltze ereduak ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak ezagutzea bermatzen duelako eta kurrikulum propioak aniztasuna eta euskal erreferentzialatasuna izango lituzkeelako oinarri.

Egungo sare banaketa gainditu eta erabat publikoa izango den sistema propio baten bidea egitea ere alboratu zen. Hezkuntza prozesu guztiaren doakotasuna bermatzeko kuotak desagerrarazteko neurriak eskas geratzen ari dira. Ikasle tipologia guztien banaketa orekatua bermatzeko matrikulazio sisteman eta matrikula bizian (ikasturtean zehar egiten diren matrikulazioak) egindako aldaketak ere. Hortaz gain, planifikazioan ere eragin behar da, ikas postuen gain eskaintza kontrolatuz zein eskolaratzea antolatzeko erabiltzen den eskola mapa eta eragin eremuak ondo definituz. Eta azkenik, gizarte, migrazio, etxebizitza, kultura eta hezkuntza politikak elkarrekin pentsatu behar dira.

ELA mahai horretan ez egoteko hartutako erabakian berresten da. Jaurlaritzari mahai hutsalak alboratu eta aldaketa sakon hauek hartzeko galdegiten dio. Eta gainerako euskal sindikatuei eta eragileei dei egiten die mahai hau uztera, hezkuntza legea zein maiatzeko akordioko edukiak gainditzera eta aldarrikapen bateratuak adostuz dinamika mobilizatzaile bateratu bati ekitera.