IRAKASKUNTZA PUBLIKOA

Bost hilabetean 466 lan istripu izan dira

Bost hilabetean 466 lan istripu izan dira
Horietatik 173 erasoak izan dira, gehienak ikasleek egindakoak (165). Erasotuak 31 eta 50 urte bitarteko irakasleak dira. Gauzak horrela, ELAk prebentzio neurriak hartzea eskatu dio Hezkuntza Sailari, ikastetxeetako egoeraren arduraduna baita. Besteak beste, lan kargak, ratioak eta baliabideak hobetzea eskatu dio, baita zentroetan behar beste psikologo edo gizarte-langile jartzea ere. Hala ere, oraingoz Eusko Jaurlaritzak ez du Prebentzio Zerbitzua indartuko. Momentu honetan 15 teknikari lanpostu bakarrik daude eta horietatik 11 bakarrik daude beteta.

Aste honetan egin dira EAEko hezkuntza publikoko Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeen bilerak, eta Hezkuntza Saileko Prebentzio Zerbitzuak bost hilabeteko datu kezkagarriak eman ditu, 2025eko irailetik 2026ko urtarrilera. Guztira, 466 lan istripu erregistratu dira bost hilabetean, eta horietatik 173 erasoak izan dira. Guztira, gatazkak izan dira 7 zentrotan, eta laguntza psikologikorako 16 eskaera jaso dira. Kasu gehienetan, erasoak ikasleengandik datoz (165), eta erasotuak 31 eta 50 urte bitarteko irakasleak dira. Erregistratutako kasuen % 23tik, % 23 "in itinere" gertatu dira.

Hala ere, erasoak eraso, laneko bajak ez eskatzeko joera atzeman da. Kasuen % 34tan bakarrik hartu du baja erasotako pertsonak, 159 kasutan. Horren ondorioz, prebentzio zerbitzuak ondorioztatu du azpi erregistro bat egon daitekeela, langile asko ez baitira mutualitatera joaten eta ez baitute baja eskatzen. Lanpostuetan 22 egokitzapen egin dira, eta mutualitatera bideratu dira gaixotasun profesionalaren susmopeko 36 kasu.

Protokoloak, bitartekaritzak edo prestakuntzak beharrezkoak dira, baina ELAren ustez, ezinbestekoa da arazoaren jatorria aztertzea. Horretarako, azpimarratu du beharrezkoa dela diagnostiko egoki bat egitea eta prebentzio neurri eraginkorrak hartzea arazo horiei aurre egiteko, hala nola lan kargak, ratioak eta baliabideak hobetzea, zentroei beharrezko lanbide profilak ematea (psikologoak edo gizarte langileak), burokrazia arintzea, langileak egonkortzea eta lana hobeto antolatzea eta koordinatzea. Bestalde, lanpostuak egokitzeko prozesuak azkartu egin behar dira, eta irizpide baztertzaileak alde batera utzi.

Hala ere, deitoratu du, ez dirudi Sailak horretarako behar diren erabakiak hartzeko asmorik duenik. Besteak beste, oraingoz ez da Prebentzio Zerbitzua indartuko – 15 teknikari lanpostu baino ez daude, eta horietatik 11 baino ez daude beteta –, eta aurrera jarraituko du arrisku psikosozialen ebaluazioarekin, langileen parte hartzea bermatzen ez duena eta oso orokorra dena.

ELAk lanean jarraituko du langileen lan osasuna bermatzeko, “ezinezkoa delako ikasleen ongizatea bermatzea langileak zaindu gabe”.