Gorlizko eraikinen garbikuntza

ELAk lehen lan hitzarmena sinatu du eta soldata arrakalarekin amaitu du

ELAk lehen lan hitzarmena sinatu du eta soldata arrakalarekin amaitu du
Negoziazio luze baten ondoren, ELAk Gorlizko eraikinen garbitzaileen lehen hitzarmena sinatu du oinarrizko soldata %68an hobetzea lortu du. Soldata arrakala pairatzen zuten kaleko garbitzaileekin alderatuta.

ELAk, negoziaketa luze baten ondoren, eta 2022.urtean urtebete baino gehiago greban egon eta greba amaitzeko akordio bat sinatu ostean, Gorlizko eraikinen garbitzaileen lehen hitzarmena sinatu du.

Hitzarmenak hobekuntza garrantzitsuak jasotzen ditu soldatetan eta langileen egunerokoan ezinbestekoak diren beste hainbat lan baldintzetan.

Oinarrizko soldata, orain arte, 18.341 eurokoa zen, eta hitzarmen hau sinatu ondoren, 2027. urterako 30.800€takoa izatera pasatuko da; era honetara, herri berdineko kale garbitzaileekin zuten arrakala desagertaraziz. Halaber, garraio plusaren prezioa ere altuagoa izango da.

Bestalde, hitzarmenak hutsik dauden postuak betetzeko sistema bat jasotzen du, antzinatasunean oinarrituta, zuzendaritzako erabaki arbitrarioa saihestuz, eta baita, txandak egin behar dituztenentzako penalizazio altuago bat ere.

Era berean, ordezkari sindikalaren orduak aldatuko dira: hilean 40 ordutatik 60 ordura pasatzea lortu da.

Hobekuntza sozialen artean, probintziako hitzarmena hainbat gaitan hobetu da, aldi baterako ezintasunean daudenean 100%a ordainduko zaie, norberaren gaietan ibiltzeko baimena 2 egunetik 5 egunera pasatuko da, eszedentziak 6 hilabete gehiago hartu ahal izango dituzte eta soldatak hilabetea bukatu baino lehen jasotzeko derrigortasuna edukiko du enpresak, besteak beste.

Lan osasunean ere hobekuntzak sinatu dira, lan istripuak egon ezkero kalte ordainak ere handituz .

Hitzarmen honek iraupen mugagabea izango du eta hitzarmena ez aplikatzeko klausulak jasotzen ditu.

Esan beharra dago, hitzarmen honen ondorioz, “pliego”a baldintzatzea lortu duela ELAk, eta udalak  hainbat langileei jardunaldi osora pasatzeko konpromesua hartu duela.