EMAKUMEEN MUNDU MARTXA

ELAk parte hartu du erailketa matxisten aurkako protokolo berriaren aurkezpenean

ELAk parte hartu du erailketa matxisten aurkako protokolo berriaren aurkezpenean
Zornotzan (Bizkaia) egindako jardunaldietan, Emakumeen Mundu Martxak azpimarratu du ezinbestekoa dela indarkeria matxistaren adierazpen larrienen aurrean erantzun kolektibo, politiko eta antolatua izatea.

200 emakumetik gora bildu ditu Emakumeen Mundu Martxak `Urrats Bat Gehiago Indarkeria Matxistaren kontra´ lelopean, Zornotza (Bizkaian), egindako jardunaldietan. Bertan erailketa matxisten aurrean aktibatzen duen protokolo berria aurkeztu da. Jardunaldiek Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ibilbidea eta egungo egoera testuinguru gisa hartu dituzte, indarkeria matxistaren adierazpen larrienen aurrean erantzun kolektibo, politiko eta antolatu baten beharra azpimarratzeko.

Goizeko lehen saioan, genealogien lanketaren bidez, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren historian atzera begirakoa egin dute. Gaur egungo tresna politikoak —tartean protokolo berria— ez direla hutsetik sortzen, baizik eta urteetako antolakuntza eta borrokaren emaitza direla azpimarratu dute.

Ondoren, `Zertan dabil Euskal Herriko Mugimendu Feminista? Herrien hitza´ izeneko hitzartzean, herri ezberdinetako errealitateak partekatu dituzte, herri bakoitzeko mugimendu feminista zertan dabilen ulertu nahian eta hauek indarkeria matxistaren aurrean duten erantzun antolatuak azaleratzeko. Horrez gain, Mundu Martxak bertatik eta egindako prozesutik ateratako hainbat ondorio azaldu ditu.

Jardunaldiaren erdigunean, erailketa matxisten aurkako protokolo berria aurkeztu dute. Tresna honen helburua da erailketa matxistaren aurrean mugimendu feministak aktibatzen duen erantzuna egituratzea. Gauzak horrela protokoloak edukiko dituen aldaketa berriak azaldu dituzte.

Goizari amaiera emateko, agerraldia egin dute, protokolo berria plazaratu dute eta mugimendu feministari aktibazio kolektiborako deia egin diote. Bertan berretsi dute erailketa matxisten aurrean ezinbestekoa dela antolakuntza feminista eta autodefentsa feminista.