Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna

"Patriarkatua suntsitzeko fronte guztiak dira beharrezkoak"

2025/11/25
"Patriarkatua suntsitzeko fronte guztiak dira beharrezkoak"
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, sarri isilarazia eta funtsezkoa den gai bati heldu dio aurten ELAk: gizonek indarkeria matxisten erreprodukzioan eta desaktibazioan duten papera eta zuzeneko erantzukizuna. Sindikatu mistoa izanik, eta organizazio feminista eraikitzea helburu duenez, barrura begiratzeko ariketa egin du ELAk Azaroaren 25ean.

Indarkeria matxistak gure bizitzak, harremanak eta erakundeak zeharkatzen ditu. Horregatik, aurten sindikatuko gizonei zuzendutako hausnarketarako gune espezifiko bat ireki du ELAk, pribilegioak, isiltasun itunak eta desberdintasunari eusten dioten dinamikak zalantzan jartzeko, besteak beste.

Horretarako, Joseba Gabilondo (Hiruki Larroxa) gonbidatu du sindikatuak Altsasun egin duen ekitaldira. Bere eskutik, hainbat gai izan dituzte hizpide: boterea, maskulinitateak, gizonen erantzukizun politikoa, gizonak borroka feministan interpelatzeko beharra, nola erreproduzitzen den kultura patriarkala sindikalismoan...

Hitza lehena hartzen Igor Eizagirre izan da, sindikatuko Gizalan, zerbitzu publikoen, arduraduna.

Eizagirrek ekitaldiaren leloari aipu eginez hasi du hitzaurrea: `Konplizeak eraldaketarako. Luchando a mi lado, aliado´. Aliatu hitzak azkenaldian sortu duen polemikaz jakitun, zera adierazi du: “Geure burua bidelagun feministatzat dugun gizonok badugu zer errebisatu edo hausnartu. Gizonok prest al gaude benetan gure pribilegioei uko egiteko? Are gehiago, ba al dakigu zeintzuk diren gure pribilegioak generoari dagokionez? Agian klase zapalkuntzaren kasuan argiago ikusten dugu. Zeintzuk dira gure maskulinitate eta gizontasun ereduak? Eta guzti honek zein harreman du indarkeria matxistarekin eta sindikatuarekin?”

Bere galderei erantzunez, baieztatu du eraldaketak, ezinbestean, ekintza zehatzak behar dituela. “Ez da nahikoa esatea `Ni ez naiz holakoa´, baina inoiz galdetu ahal diogu geure buruari zein pribilegiori uko egiteko prest gauden?”, adierazi du.

Eizagirreren hausnarketen ildotik, Hiruki Larroxako Joseba Gabilondoren txanda izan da. Bere hitzaurreak hiru gai nagusi izan ditu: gizonak eta feminismoa; indarkeriak; eta gizonen papera auzi honetan. Lehen galderari erantzunez, alegia, gizonek feminismoan duten paperaz hausnartzeko orduan, Gabilondok zenbait gogoeta planteatu ditu: gizonek aliatuak izan behar dute? Akaso subjektu aktiboak? Ala beharbada maskulinitateak eta feminismoa bereizi behar al dira?

Gizonak (eta) feminismoa

Eraldaketaren alde lanean ari diren gizonek euren buruari galdetu beharko liokete ea zer egin dezaketen indarkerien eta injustizien aurrean. Izan ere, azaldu duenez, ustez zabaldua da feminismoak emakumeek eskubideak soilik defendatzen dituela. Bere hitzetan, ordea, desmuntatu beharreko aurreiritzia da hori, “besteak beste, gizonen inmobilismoa eragiten duelako”.

Feminismoez aritu da, pluralean, fronte guztiak beharrezkotzat jotzen baititu, baita espazio mistoak ere.

Agian, gehitu du, auzia ez da gizonak ere feminismoaren subjektu izan behar duela, baizik eta eraldaketaren parte aktibo izan behar duela. “Eta horri heltzea ezinbestekoa da ELA bezalako espazio militante mistoetan”, gehitu du.

Bada, nola igaro behar dira gizonak aldaketari beldurra izatetik eta erresistentzia izatetik erantzukizuna hartzera? Galderari erantzuna eman dio Gabilondok: “Gizontasunak dakartzan pribilegio eta zaurien kontzientzia hartuz”.

Izan ere, azaldu du patriarkatuak gizonari ere zauriak eragiten dizkiola: emozioak adierazteko zailtasunak, homofobia, edota norbere burua eta besteak zaintzeko zailtasunak (nahiz eta horrek ere pribilegioak dakartzan, gehitu du).

Bell Hooks-en eta Clara Serraren adierazpen batzuk ekarri ditu gogora berau azaltzeko: “El privilegio es perfectamente compatible con la exclavitud”.

Gabilondok argi dauka ezinbestekoa dela zauri horiek lantzea, “bestela biktimizazioan, autokonplazientzian eta erreakzioan erortzeko arriskua dagoelako”.

Are gehiago, azaldu du ultraeskuinak maisuki erabili dituela gizonen deserosotasun eta zauriak haiengan gorrotoa pizteko eta emakumeen zein kolektibo zaurgarrien aurkako diskurtsoak indartzeko, besteak beste. Ezkerrak, ordea, balioen inguruan hitz egiten du, baina ez du asmatu deserosotasun horiei behar bezala erantzuten eta kanalizatzen, kexu da.

Zentzu horretan, azpimarratu du patriarkatuari aurre egiteko fronte guztiak dira beharrezkoak.

Indarkeria(k)

Bere hitzaldiaren bigarren atalean indarkeriak izan ditu hizpide.

Zaintzarik ezean, dio, botere abusuak daude, jarrera matxistak edota indarkeria sinbolikoa, alegia, egunerokoan oharkabean pasatzen diren ekintza eta jarrera ustez xumeak: prestigioa eta ikusgarritasuna ez duten, baina lana aurrera ateratzeko ezinbestekoak diren lanen ardura ez hartzea (bileretan akta jaso, langileen aldarteaz kezkatu...); zaintza, arreta edo entzutea eskatzen duten lanei uko egitea emakumeek egin ditzaten; espazioaren eta hitzaren erabilera -gizonek nagusi izatea eta emakumeen ahotsa eta presentzia bigarren maila batean geratzea-; mitinetan tonu erasokorra eta inposatzailea erabiltzea... Gabilondok azaldutakoa irudietan islatzen duen bideoa ere proiektatu dute (ikus bideoa hemen).

Aurrekoaren ildotik, lidergo motak ere izan ditu hizpide eta horiek errebisatu behar direla azpimarratu du. “Pertsonak, harremanak eta espazio emozionalak zaindu behar dira, entzuten ikasi behar da. Talde begirada garatu behar da, enpatia eta jarrera inklusiboa”.

Adibide bat jarri du: negoziazio mahai batean ostean bertan parte hartu dutenei galdetu ea talde gisa nola sentitu diren.

Eta gizonek, zer?

Baina, praktikan, zer egin dezakete gizonek egoera iraultzeko? Bada, maila indibidualean, autokritika egitea, elkar zaintzea eta norbere zaurgarritasuna aitortu eta adieraztea. Maila kolektiboan, berriz, anaidiarekin/kamaraderiarekin amaitzea. Itunak bai, baina jarrera matxistan salatzeko. Horretarako, gogoeta eta zaurgarritasun espazioak/taldeak sortzea proposatu du.

Maila sindikalean, lidergo historikoak zalantzan jartzeko deia egin du, lidergo feministen mesedetan. Bide beretik, indarkeria kasuei aurre egiteko protokoloak sortzea proposatu du, beti ere, erreparazioa eta eraldaketa helburu duen justizian oinarritua.

Josebak esandakoari tiraka, ELAko genero alorreko kide Izaro Galfarsorok azpimarratu du indarkeria matxista ez dela soilik kanpoan gertatzen, ezta egoera bortitzen bidez bakarrik agertzen ere. “Indarkeria matxista modu askotan artikulatzen da “etxe” barruan zein kanpoan: botere-harremanetan, ahotsen hierarkian, espazioen okupazioan, isiltasunetan, erabakiak hartzeko moduan eta normaltzat hartzen diren praxietan”.

Josebak gaur gizonen arteko edo gizontasunarekin zerikusia duten kode eta praktika batzuk aipatu ditu. Adibidez: isiltasun-paktuak, kamaraderia maskulinoa, ahots batzuek automatikoki jasotzen duten zilegitasuna, eta “beti horrela egin izan delako” iraun duten dinamikak, besteak beste. Inertziak eta normalizatuak dauden portaerak dira hauek kasu askotan”, laburbildu du.

Bide beretik, goraipatu du azken urteotan sindikalista ideala deseraikitzeko lanean ELAk egin duen bidea. “Besteak beste, gizon zuri, cis eta heterosexual baten irudi sinbolikoa da sindikalistarena. Asmoa ez da beste eredu ideal bakarra sortzea. Eredu anitz eta irekiagoen eraikuntza tokatzen zaigu garaiotan”, baieztatu du.

Gizartean bezala, sindikatuan ere barne kultura eraldatzea erronka potoloa dela aitortu du ELAk, eta argi utzi du prozesu horretan gizonek badutela zer esana, eta batez ere, zer egin.

Azkenik, eta urtero bezala, ELAk dei egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Hauek izango dira egun horretan egongo diren manifestazioak:

  • Baiona 18:30etan Geltokitik. 
  • Bilbon 19:00etan Jesusen Bihotzetik. 
  • Donostian 19:00etan Bulebarretik.
  • Gasteiz 19:00etan San Anton Plazatik.
  • Iruñea 19:00etan Gaztelu plazatik.