KUDEAKETA ZUZENEKO ESKOLA JANTOKIAK

ELAk greba deitu du otsailaren 24, 25 eta 26rako

ELAk greba deitu du otsailaren 24, 25 eta 26rako
Negoziazio mahaiak 15 bilera baino gehiago egin ostean, kudeaketa zuzeneko eskola jantokien sektoreko ordezkarien batzarrak greba deitzea erabaki du otsailaren 24, 25 eta 26rako. ELAk argi du zein diren hitzarmena sinatzeko gutxieneko edukiak, baina, batez ere, adierazi du ez duela sinatuko soldata mugak ezartzen dituzten hirugarrenen mendeko hitzarmenik.

ELAk langileen benetako baldintzei erantzungo dien hitzarmen baten alde egin du. Aldarrikapen nagusien artean daude:

  • KPItik gorako soldata igoerak, soldata mugarik gabe eta beste hitzarmen batzuetara itzuli gabe.
  • Egungo ratioak eta lan kargak berrikustea. Denbora luze daramagu ikastetxeetako ratioak jantokietako errealitatera egokitu daitezen aldarrikatzen.
  • Lanaldi partzialak oso prekarioak diren sektore bateko gutxieneko kontratazioak berrikustea.

Ez diogu uko egingo aurreko hitzarmenean sinatutako soldata igoerari. Gure ustez, enpresek ez dituzte aplikatzen 2024. eta 2025. urteetako igoerak, plantillei presioa egiteko.