Haurreskolak

Partzuergoak, LABek eta Steilasek murrizketak dakartzan hitzarmena sinatu dute

Partzuergoak, LABek eta Steilasek murrizketak dakartzan hitzarmena sinatu dute
2025eko otsailean sinatutako akordioa berretsi da eta horrek honako ondorioak ditu: eros-ahalmenaren galera, behin-behinekotasunari aurre egiteko neurrien falta edota erretiroa aurreratzeko gabezia. Eranskin moduan, ratio eta baliabideen akordio berria ere sinatu dute: edukiak eskasak dira eta haurreskola asko baliabide gehigarririk gabe utziko dituzte.

Hitzarmen kolektiboaren behin-betiko testua sinatu dute Hezkuntza Sailak, Partzuergoak eta LAB eta Steilas sindikatuek. Gaur sinatutako testuak 2025eko otsailean LAB eta Partzuergoak sinatutakoaren gabezia nagusiak mantentzen dituela dio ELAk. Aipatzekoa da Steilas ere sinadurara batu izana, haien esanetan, testuak hainbat gutxiengo bete gabe jarraitzen duen arren.

Hitzarmenaren sinadurak ondorio argi bat dakar, grebetan eskatutako eduki garrantzitsuei muzin egitea:

- Soldata: ez da galdutako erosahalmena berreskuratu eta 2025 eta 2026ean ere galtzen jarraitzea adostu dute. Soldata igoerak edukitzea posible zela jakin arren (2025eko urtarrileko Ertzaintzaren akordioa horren erakusgarri), 2025eko otsailean haurreskoletan igoerarik ez edukitzea ontzat jo zuten (irakasleetan edota sukalde eta garbiketan ez bezala).

- Behin-behinekotasunak %30 gainditzen du eta ez da horri muga jartzeko neurri eraginkorrik. Doakotasunak matrikula gorakada handia ekarri duen arren, lanpostu zerrenda berdinarekin jarraitzen dugu eta 77 langileak finkatzeko neurririk ere ez da txertatu Auzitegi Gorenak epai bidez horretara zigortzen duen arren Partzuergoa.

- Erretiroa aurreratzeko neurriak: sukalde eta garbiketan edota irakasleen artean 60 urtetik aurrera hereneko lanaldi murrizketa hartzeko eskubidea lortu dute (murrizketa lan-jardunaren amaieran gozatzeko aukerarekin). Partzuergoan aldiz, 63 urte arte zain egon behar dute. Horrez gain, errelebo kontratuak Madrilen eta mahai orokorrean erabakitakoaren menpe jarraitzen du.

- Ratio eta baliabide gehigarriak: zenbait hobekuntza jasotzen dituen eranskina sinatu dute. Hala ere, sinatutakoak baditu gabeziak, esaterako: ratio hobekuntza ez nahikoa eta baliabide gehigarrien esleipena familien gutxiengo zenbaki batek ordutegi zabala eskatu izanera baldintzatzea. Horrek haurreskola asko baliabide gehigarrietatik kanpo utzi ditzake.

Gauzak horrela, ELAk uste du 2025-2026 urteetarako hitzarmena ez dela akordio ona izan langileentzat. “Greba deialdiak eta izandako jarraipenak akordio on bat sinatzeko aukera zabaldu zuten arren, borroka berehala utzi eta eduki eskaseko testua sinatu zuten”, kexu da sindikatua. 

Hitzarmena 2026ko abenduaren 31 arte izango da indarrean eta ELA jadanik lanean ari da langileen eta zerbitzuaren beharrak beteko dituen hurrengo hitzarmena lortzeko.