hezkuntzan, boikot israel

ELAk Hezkuntza Sailari eta patronalei eskatu die Israelekin izan ditzaketen harremanak eteteko

2026/01/16
ELAk Hezkuntza Sailari eta patronalei eskatu die Israelekin izan ditzaketen harremanak eteteko
Ustezko su etenaz geroztik 400 palestinar baino gehiago hil dira, horien artean 100 haurretik gora, UNICEFen arabera. Premiazkoa da Gazaren kontrako erasoaren bukaera eta laguntza humanitarioa sartzea. Israelek printzipio horiek oso-osorik aintzat hartzen ez dituen bitartean Israeli boikota egin behar zaio.

ELAk Hezkuntza Sailari eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei zein Ikastoletakoei Israelekin harremana izan dezaketen argitaletxe edo bestelako enpresekin harremanak eteteko eskatu die

ELAren iritziz, premiazkoa da amai daitezen israeldar armada Gazako biztanleen kontra egiten ari den erasoa, eta laguntza humanitarioa berehala eta masiboki sartzeko aukera ematea. Horretarako, presioa eragiten jarraitu behar da, harik eta israeldar gobernuak baldintza horiek oso-ososrik bete arte. Horregatik eutsi zion ELAk Urriaren 15eko grebari su etenaren berri greba egunaren aurretik izan arren.

Euskal langileriak erakunde eta enpresak estutu behar dituzte genozidioa geldiarazteko eta apartheid sionistaren eta palestinar lurraldeen okupazioaren amaiera lortzeko neurriak har daitezen. Izan ere, Euskal Herriak agerian utzi du Palestinaren alde mobilizatzeko duen indarra, eta mezu argia eman du: ezin zaio Israeli ezer erosi, ez saldu.

Hezkuntzan badira israelekin harremana duten enpresekin eta argitaletxeekin aritzen diren ikastetxe eta ikastolak. Hortaz, ELAk eskaera idatziak aurkeztu dizkie bai Hezkuntza Sailari, bai Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako zein Ikastoletako erakunde patronalei. Bertan Israelekin harremana duten enpresa eta argitaletxeekin harreman oro eteteko eskatzen die sindikatuak.

Guztira 71.412 hildako eta 171.314 zauritu erregistratu dira 2023ko urrian Israelek Gazaren kontrako erasoari ekin zionetik. Horietatik 442 hildako eta 1.236 zauritu su etenaren ondoren izan dira erregistratuak. Eta UNICEFen arabera, 442 hildakoetatik 100dik gora haurrak dira.