Aitzakiarik ez (Astekaria 221. Editorial)

16/09/2007

Bere burua aurrerakoitzat jotzen duen gizarteak funtzio publiko indartsu baten beharra du, beste arlo batzuen artean, ongizate maila garatzeko. Politika publikoak herritarrentzat eraginkorrak izan daitezen funtzio publikoa horren zerbitzura behar du egon. Beraz, gizartea egoki egituratzeko berebiziko garrantzia hartzen du tresna horren jabe izateak.

Funtzio publikoa gure kabuz antolatzeko eskubidea estatu espainolak ukatzen digula aspaldiko kontua da. Amejoramiento edo Estatutoaren legeek arautzen duenaz gain, eguneroko jardunean estatuaren itzala etengabe sumatzen dugu edozein arlotan. Baina lege horien idazkera eztabaidagarriaz kanpo, bertako funtzio publikoa garatzeko gure arduradunen borondate politiko eza da alde kezkagarriena.

Indarrean sartu berri den Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak halaxe erakutsi digu, berriro. Nafarroan nahiz Erkidego Autonomoan berezko funtzio publikoa antolatzeari uko egin diote euskal administrariek. Madrilgo esanei men eginez, erantzukizunari bizkarra eman eta utzikeriaz jokatu dute arduradunek. Ekimenerako gaitasunik ez eta gogaikarria suertatu den funtzio publikoaren kudeaketa aitzakia bihurtu da marko berria isilpean onartzeko.

Berezko eredua eratzeari muzin egin dien administrariek herritarren zerbitzura behar lukeen gertuko funtzio publikoa eraikitzea eragotzi dute. Arduragabekeria galanta, besteoi erruak leporatzeak ematen duen erosotasunaz jantzirik, gainera. Euskal administrazioek legea garatzeko garaian jorratu beharreko bidea erabat baldintzaturik dago euskal funtzio publikoa antolatzerakoan. Eratorriak izango diren euskal legeek baldintzaturik izango dute ibilbidea esparru berriak antolatzeko. Lehen bezalaxe, beste aukera galduko da luzarorako, Madrilgo hesiak gaindiezinak suertatuko baitira kudeatze hutsarekin asebetetzen diren administrarientzat. Subiranotasuna darabilte ahotan, aitzakia eta axolagabekeria egintzetan.