Akordiorako bidea (Astekaria 124, Editorial)

26/01/2004

Aurtengo negoziazio kolektibo kanpainarako ELA eta LAB, ESKrekin batera, akordio bat hitzartzeko lanean ari dira jo eta ke, 2003ko esperientzia gazi-gozoak erakutsitakoa ikasiz gauza onak jaso eta akatsak konpontzeko ahaleginean.

Ekintza batasuna erraza edo zaila izan daiteke, segun eta zertarako bilatzen den: Hitzarmenen negoziazio burokratizatu eta gatazkarik gabea egin nahi bada, ekintza bateratuak ez du arazorik ematen. Aise iritsiko dira adostasunak.

Baina helburua beste molde bateko negoziazioa bada, hots, benetako xedea langileen ordainsariak eta lan-baldintzak hobetzea bada, hortarako langileen parte hartzea, konpromisoa eta borroka bultzatuaz, adostasuna ez da hain erraz lortzen. Hortarako sindikatu bakoitzak bere barne-indarrak astindu eta antolatu behar baititu. Eta erakunde bakoitzak bere historia, antolakuntza eta lan egiteko moldeak izan ohi du. Noski, horiek guztiak batzea ez da lan erraza izaten.

Halere, pentsa daiteke ELA eta LABen aldetik badagoela indarrak batzeko borondaterik, hartara gorabeherak gainditu eta dagoeneko azaltzen hasi diren arazoei aurre egin behar bazaie ere.

Helburuetan ados izanez gero, eta lortzeko elkarren premiaren beharra garbi ikusten delarik, oztopoak oztopo adostasuna lortuko delakoan gaude.