Azpikontratazioaren benetako aurpegia (Astekaria 135, editoriala)

09/05/2004

Azpikontratazioa hobekuntza lortzeko biderik hoberena omen da. Kalitatea hobetzen duela diote, lana ere espezializatuagoa delako. Halaber, antolakuntza egokiagoa egiteko modua omen da, azpikontratazioak malgutasun handiagoa eta horrekin batera baliabideak beharrizanetara moldatzeko aukera gehiago ematen duelakoan.

Nork erabiltzen ditu honelako kontzeptuak? Batetik, jardueraren zatiren bat besteren esku utzi nahi duten enpresa pribatuek, eta bestetik, herritarrei ematen zaizkien zerbitzu batzuk pribatizatzeko asmotan dabiltzen herri-administrazioek.

Agian horrelako jokabideak, hots, erakunde edo enpresa baten egitekoak urliaren esku uztea, uler liteke unean-uneko beharrizan baten ondorioz, edota oso baliabide tekniko zehatzak eskatzen dituen jarduera baterako; aitzitik, ezin onar daiteke egiturazko plantila osoak azpikontraten menpera igarotzea.

Erabaki hori hartzen dutenek azpikontratazioaren abantailak goraipatzen dituzten argudioen atzean beste zerbait ezkutatu nahi dute: unean-uneko egoeretatik haratago, enpresek eta herri-administrazioek soldata eskasak eta lan-baldintza txarrak bedeinkatzeko asmatu duten pagotxa dela. Azpikontraten baitako beharginak esplotatzearekin batera enpresen etekinak puztu eta administrazioen aurrekontuak murrizten dira.

Hori hainbat kasutan ikusten ari gara: Bizkaiko Uren Partzuergoko azpikontratak, Basauriko udal-eraikinen garbikuntza, adinekoen egoitzak...

Horren setati jokatzeko, arrazoi izan behar dute nonbait ia beste ezertan ados jartzen ez diren EAJ, PSE, PP eta EAk. Aste honetako Kontseilu Nazionalean Jose Elorrietak esan zuen moduan, botere esparruak zaindu eta klientelismoarekin jarraitzeko aliantza estrategikoa hitzartu dute; hau bide da azpikontratazioaren funtsa.