Bada beste biderik (Astekaria 146, Editorial)

24/10/2004

Azken aldion negoziazioa ukatu eta akordiorik merkeena bilatzen duenez, Eudel EAEko udalen elkarteak uztailean CCOOekin udal adniinistrazioetako langileen baldintzei buruzko akordioa sinatu zuen. Guztiz oinarri ustelekin, sindikatu horrek oso ordezkaritza txikia baitu.

Orain, Bizkaiko Foru Aldundirako eta bere mendeko enpresetarako ELAk eta LABek sinatu duten hitzarmenak frogatzen du, batetik, sen ona nagusitzen denean negoziazio kolektiboari eta elkarrizketari ateak ixtea ezinezkoa dela. Eta negoziazio horrek aldez aurretik ezarri nahi ziren mugak gainditu dituela, soldata-igoera eta beste bainbat punturi dagokienez.

Akordioak berebiziko garrantzia du: EAEko udal- eta foru-administrazioko erakunde handiena dugu Bizkaiko Aldundia. Funtzionario eta gainerako beharginen baldintzak arautzen dituen hitzarmenak guztira 4.500 lagunengan du eragina. Horregatik, ELAko Gizalan federazioak Bizkaian sinatutakoa datozen asteotan beste udal eta aldundietarako eredutzat hartuko duela iragarri du.

Bestalde, hitzarmenak badu beste alde interesgarri bat: zerbitzu publikoak mantendu eta hobetzeko bidea irekitzen du, esaterako azpikontratatzen diren zerbitzuetako langileentzako subrogazio klausula ezarri eta etorkizunean azpikontrazioa mugatzeko konpromisoa jasotzen baititu.

Akordioa itxitakoan arrazoiz agertu du bere poza sektore publikoaren ardura duen Gizalan federazioak, uztailetik hona -Eudelek eta CCOOek sinatu zuten minoria-akordioaz gero- sektorean zegoen geldialdia amaitzen baita horrela; orduan sinatutakoa, gehienezko muga ei zena, aise gainditu da. ELAk oraindik ixteke dauden EAEko beste toki- eta foru-erakundeetako negoziazioei bultzada emango die, eta eredutzat hitzarmen hau hartuko du.