Berdintasunerako legearen mugak (Astekaria 208. Editorial)

27/02/2007

Orain bi urte onartu zuen Eusko Legebitzarrak emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea. Zertan da, bi urte geroago, legearen eragina? Eman diren urratsak egitura eta erakunde publikoetan emakumeek izan behar duten presentzia bermatzeko izan dira; hortik aurrera, ezer gutxi, orain arte behintzat.

Badirudi Eusko Jaurlaritzarentzat emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna, ohitura edo kultura kontua dela, pedagogia egoki batekin zuzendu daitekeena.

Pedagogiaegokia beharrezkoa da, noski, baina ez da nahikoa gure errealitate sozial eta ekonomikoan barneratuta dagoen emakumezkoen bereizkeriari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzak eta sostengatzen duten alderdiek izango lukete, hala ere, non saiatu benetan diskriminazioa erauzi nahi baldin balute. Bi alor aipatuko ditugu, euskal instituzioen esku daudenak: hainbat sektore feminizatuekiko jokabidea, eta politika soziala.

Lehenengoari dagokionez, gure instituzioak esku pribatutan jartzen ari dira arrunki emakumeek betetzen dituzten hainbat zerbitzu, hara nola, pertsonen zaintza eta eraikinen garbikuntza. Ondorioak jakinak dira: soldata apalak eta lan baldintza kaskarrak. Ez du ematen berdintasunerako biderik egokiena.

Politika sozialari dagokionean ere, gastuak mugatzea eta, ahal izanez gero, murriztea dute irizpide nagusia. Emakumeak dira, berriro ere, kaltetuenak: pobrezia gizonezkoek baino gehiago jasaten dute, eta, laguntza publikoak iristen ez diren neurrian, etxekoen zaintzara lotuago daude.

Bi arlo garrantzitsu hauetan gertatzen denak erakusten digu berdintasunaren aldeko usteek irizpide ekonomizistekin talka egiten dutenean, haiek txiki-txiki eginda geratzen direla; ez gure agintariak berdintasunaren aldekoak ez direlako, neoliberalismoaren aldekoagoak direlako baizik.

Etxean du etsaia berdintasunerako legeak.