Bildu beharko (Astekaria 238. Editorial)
Ukaezina da bizi dugun testuinguruan frantziar eta espainiar estatuak oldartu direla abertzaletasuna gara-tzeko zantzu txikienak ere agertu direnean. Oinarri demokratiko txikiena duen jarreraren arrastorik ez dago. Guztiz alderantziz. Jazarpena, atxiloketak, legez kanporatzeak eta oro har eskubideen urraketa nagusitu da nonahi. Ez gaitu harritzen, zoritxarrez, ibilbide honetan estatuek garatu duten estrategia bortitzak. Hain banandurik, hain sakabanaturik sumatzen gaituzten horiek gure arteko urratu eta pitzadurak areagotzen ondotxo dakite. Ohituak gaude eta gauza jakina da.
Ulertu eta zintzo jokatu nahi duenak badaki ordea arazoa gurea dela, gure arteko desadostasuna eta konponezinagatik datorrela. Estrategia armatuak abertzale arteko elkarlana eragozten du, eraikuntza nazionalak behar dituen gizartea, indar metaketa, ilusioa eta militantzia bezalako baloreak zapuztuaz. Bestalde, ibilbide politikorik ez duen proposamenez jendartea entreteni nahi izatea ez da zilegi jokatzea. Ez eta gutxiagorik ere. Eta zurrunbilo itogarri honetan murgildurik beste Aberri Eguna bat ospatzera goaz.
Aberria eraikitzeko abertzaleok behar dugun batasuna gertuen ikusi dugun garaia eta esangura Lizarra-Garaziko jarduera politikoan bizi ahal izan genuen. Egun ere abertzaleak biltzea, norberaren nortasuna salbu, beste erremediorik ez dugu baldin eta nazio bat izateko aldarrikapena hitz hutsetan geratzea nahi ez badugu.