Cui Prodest? (Astekari 202. Editorial)
ELAk hamar galdera, eta beste hainbeste erantzun, plazaratu ditu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) erreformaren inguruan. Galderak, sinpleak dira; erantzunak ere bai. Izan ere, ondo begiratzen badugu, zergen kontuak ez du, funtsean, misterio handirik; ez dago pertsona aditu eta jantzia izan beharrik gaiaren muina ulertzeko, inork ondo azaltzen badu, behintzat.
Hor dago, baina, koska. Zergak ezarri eta, hortaz, zergadunoi ulertzeko moduko argibideak eman beharko lizkiguketenek, gaiari buruzko ahalik eta azalpen gutxien ematea dute erabakita: argibideak eman ordez, ilunbide besterik ez den propagandaz nahaspilatzen gaituzte. Nonbait pentsatzen dute gobernatzea korapilatsuegia dela jende arruntarentzat, Brecht-en poeman "herria amildegira daramatenek" aldarrikatzen zuten legez.
PFEZren nondik norakoa aditzeko nahikoa da edozein krimen ikertzeko egiten den oinarrizko galdekizunari erantzutea: cui prodest?; hau da, nori egiten dio mesede? Galdera horri erantzun dio, hain zuzen ere, ELAk argitaratu eskuorriak, erreformak irabazi gehien dutenei mesede egiten diela erakusteko: orduan eta irabazi handiagoa, mesede gehiago, gainera. Eta erantzuna datu zehatz eta esanguratsuekin arrazoitu du.
Sindikatuaren salaketari erantzun dioten agintari apurrek, zakarkeria erabili dute arrazoien ordez; gehienek, ordea, isiltasuna erantzun. Eta horrela jarraituko dute beste mila urtetan ere, zerga-politikari buruzko kezka eta sentiberatasuna jendartean, kaltetuen artean, batez ere, pizteko gauza ez garen bitartean. Euskal sindikalgintzak eta, oro har, euskal ezkerrak, gainditu beharreko ikasgai nagusietarikoa.
Horregatik da, hain zuzen, hain premiazkoa denok ezagutu dezagun zerga sistemak eta, oro har, politika publikoek ondasunen kudeaketa eta banaketan duten eskuhartzearen nondik norakoa. Eskuhartze hori ez baita neutrala izaten; ezta, diotena diotela ere, denon mesedean; batzuen mesedean eta besten kaltean baizik.