Denon mesederako (Astekaria 219. Editorial)
ETAk plazaratu duen su-etena hausteko iragarpena ez da berri ona izan euskaldunentzat; zer esanik ez abertzaleontzat. Iragan denboretako testuinguruan kokatzen gaituen honako erabakiak samina eta oinazea bakarrik ekar ditzake herritarrentzat.
Beste inoren zilegitasunik ez duen erakunde armatuak prozesua bukatutzat ematea erabaki du. Herriaren eskubideen izenean hartua bada ere, herriak gaitzetsi egiten du su-etena eteteko erabakia. Bake eta normalkuntza politikoaren prozesuak itxaropenik badu, bide zibil eta demokratikotik soilik irabaz daitekela uste osoa du herriak. Borondate horren aurrean, ETAk muzin egin dio herriaren nahiari.
Subiranotasunaren bidea gorpuzteko eta erakargarria bihurtzeko ezin da jendea mehatxatu, konbentzitu egin behar da. Aldiz, bortizkeriaren erabilerak herritarrok elkarbizitzarako dugun eskubidearen oinarriak hautsi egiten ditu; gaindiezinezko oztopoa bilakatzen da subiranotasunaren alde gauden eragileen arteko lankidetza burutzeko eta aitzakia bihurtzen da terrorismo aurkako itunaren tresnak sakon-sakonean indarrean jartzeko.
Horren harian estatu espainolak prozesua kudeatzerakoan erakutsi duen harrokeria batetik eta ausardi eta konpromiso demokratiko eza bestetik, ez dira zuritu behar. Hortxe daude norberaren erantzukizunerako. Iñaki de Juanaren kasuan erabilitako mendeku politika horren erakuspen garbia da. Baina horrek ez du estali behar gizartean erroturik dagoen uste sendoa: borroka armatuaren zikloa bukatu eta gatazka politikoa demokratikoki konpondu behar da.
Indarkeria eta mehatxuaren estrategiak defenda ezinak dira gaur eta hemen; egiturazko eragozpenak bilakatzen dira herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gizartean gorpuztu eta indartzen joan dadin. Borroka armatuarekin bukatzea euskaldun guztion mesederako litzateke eta, nagusiki, egoera alda dadila behar dugun abertzaleon onerako.