Eraikuntza greba bidean (Astekaria 218. Editorial)

03/06/2007

Ezin uka lan harremanen esparruan negoziazio kolektiboaren urak lohiturik amiltzen direla, azken boladan. Batasun sindikalaren ohiko zailtasunei, jorratzen ari den egungo negoziazioan, sindikatu bakoitzaren ekimenak egoera are eta gehiago lardaskatzea ekarri du.

Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenaren inguruan sorturiko nahastea horren adibide nabaria da. Ahalegin guztiak egin ditugu ekainaren 11rako mugagabeko greba deialdia ELA eta LAB elkarrekin burutzeko. Horrelako deialdiaren egokiera ez digute zalantzan jarri, baina zehaztasunen garaian beti azaldu digute aitzakiaren bat.

Aldiz, greba deialdia ekainaren 11ean ez baizik eta aurrerago burutzeko asmoa iragarri du LABek, bere kabuz. Zatika eta txandakako greba deialdia, gainera. Honek helburu argiak izan ditzake: aldarrikapena jomuga dutenen arteko zatiketa topatu eta mugagabeko greba bertan behera geraraztea. Finean, LABek grebaren aurkako jokoa egin du.

Dirua erruz irabazten duten sektore honetan, Adegik jarrera zikoitza agertzen du negoziaketarako eskaintzetan. Gehiago eskaini dezakeela badaki eta ez duela amore emango ere, behartzen ez badugu behintzat, ondotxo daki. Horregatik, sindikatuen neurria hartzen du Adegik; negoziazioa agortzen du sindikatu bakoitzaren ahuleziak agerian azaldu eta bere borondatea makurtu arte.

Berebiziko jardunean murgildurik dabiltza gure militanteak egunotan; lantokietan jendearekin egonaz, propaganda banatuaz, egoeraren berri emanez eta, orohar, ekimen sindikala prestatzen. Gure jendeak merezi duen hitzarmenaren aldeko lanean zintzoki jarraitzen dugu. Serioegia deritzogu greba deialdiekin alde bakarreko interesen menpean aritzea, are eta gehiago langileen lan baldintzak duintzeko eztabaida jokoan dagoenean. Grebarako neurri batek konpromiso zehatzaz gain, berau aurrera bideratzeko ezbairik gabeko borondatea esijitzen du. Bestelakoak patronalen trikimailutan erortzea dakar.