Erreforma klandestinoa (Astekaria 200. Editorial)

20/11/2006

Klandestinoa. Horrelakoxea izan da EAEko Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hitzartu duten Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) erreforma.

Ez dago gehiegi sakondu beharrik ezkutukeria honen larritasunaz jabetzeko, fiskalitatea baita euskal erakundeek duten botere politikoaren esparru nagusia, eta, aldi berean, herritarron eguneroko bizimoduan eragin gehien duena. Nola pentsatu zitekeen hiritarren-tzat hain muinekoa den gaia, demokrazia batean, isilpean eta hiritarren ezkutuan erabaki zitekeenik?

Gertatzen dena da gure agintariek, eta atzetik dituzten botere ekonomikoek, garrantzitsuegitzat jotzen dituztela gai hauek jendartean eztabaidatzeko. Nola utziko dute, ba, gehien inporta zaien kontua -ondasunen banaketarena, alegia- jende arruntaren ikuspegiaren menpe?

Erreformaren ildoak ikusita ondo ulertzen da agintarien jokabidea, diru-sarrera fiskalak murriztea, zergen progresibotasuna mugatzea eta kapital eta ondarearen gaineko zergen tipoa apaltzea baitira erreformaren puntu nagusietarikoak, hedabideren baten bidez jakin ahal izan denez. Eredu soziala izango da, beraz, oraingoan ere, galtzaile suertatuko dena.

Baina, gure agintarien jokabidea hau izanda ere, ez da munduan izango elkarrizketaren eta jendartearen partehartzearen alde beraiek baino gehiago hitz egingo duenik, ikustekoa baita elkarrizketa sozialerako erakundeen porrotaz adierazten duten kezka sakona, edota internet bidezko iradokizunen sustatzeko erakusten duten grina. Hori bai, fiskalitateaz ari direnean, bada-ezpada ere, despotismo gordinena ezartzen dute, itxurak egiten ere saiatu gabe. Izan ere, jateko gauzekin ez dago bromarik.