Esparrua zertarako? (Astekaria 127, Editoriala)

16/02/2004

Sindikatu abertzaleok 1993an lehenengoz batera plazaratutako lan harremanen euskal esparruaren aldeko aldarrikapena zela-eta markoari esparruari baino areago koadroari hots, edukiei erreparatu behar zitzaiola esan ohi zuen sindikatu espainol bateko arduradunak; noski, argudio tranpati honek marko espainolaren defentsa beste mamirik ez zuen mozorrotzen.

Argudio mota hau sarritan errepikatzen da gaur egun ere; sindikatu abertzaleok helburu politikoak hots, markoa edukien gainetik koadroaren gainetik alegia jartzen ditugula leporatzen digute.

Baina hamar urteotako historiari begiratuz gero, marko eta koadroaren arteko alderatze hori joko dialektiko hutsa dela ikusiko dugu, eta esparru zein edukiaren aldeko borroka batera garatzen direla; elkar elikatzen dutela.

Euskal esparruaren defentsak badu funts demokratiko bat, euskal langileen gehiengoak aukeratutako negoziazio eta erreibindikazio esparrua errespetatzea. Alde hortatik, markoak ez luke balio formala bakarrik; izan ere, geuk ikusten dugun moduan hitzarmenen negoziazioan edota langileen prestakuntzan, esate baterako, bertoko ekimen eta erabakiekiko errespetua bermatuko bailuke.

Baina koadroa edo esparrua ez da aski: esparruaren beharrari zentzua edukiak ematen dio. Euskal langileok lan harreman eta gizarte-babes eredu justuagoa garatzeko behar dugu esparru bat. Hauxe dugu ekintza eta borrokarako aukeratu dugun lehentasunezko esparrua; hau errespetatzen delarik beste maila bateko borrokei ez diegu muzin egiten: Esparru bakoitzaren baitan ondo errotuta dagoen mugimenduak soilik adieraz baitezake mundu globalizatu honetan beharrezko den elkartasuna.