EUSKARA

Euskaldunak Schrödinger-en katuak gara: Euskararen nazioarteko egunerako ohar batzuk

01/12/2023
Pello Igeregi Santamaria, ELAren Euskara Arduraduna
Goazen Euskararen Nazioarteko Egunerako pentsamendu instituzionaletik kanpoko irakurketa bat egitera. Nancy Fraserren liburu bat irakurri berri dut, Cannibal Capitalism. Egileak defendatzen du kapitalismoa sistema ekonomikoa izateaz gain egitura soziala ere badela. Kapitalismoak bizirauteko periferian kokatuta dauden herrialdeak eta natura arpilatu behar ditu, erreprodukzio soziala, bereziki gizakion zaintza, bermatua eta enpresentzako kosturik gabea behar du, eta, era berean, instituzio politikoen beharra du, negozioak egin ahal izateko azpiegitura legala eta instituzionala eskaini diezaion. Era horretan, kapitalaren esferak beste espazio batzuk okupatzen ditu, herrien askatasuna, natura, zaintza edo demokrazia. Eta, horra paradoxa! Kapitalak aipatutako espazio horiek ezinbesteko ditu bere biziraupenerako, baina kapitalismoak dakarren pilatze logikak espazio horietan guztietan krisiak eragiten ditu sistematikoki. Ezin da egungo krisi ekologikoa, migrazio krisia, zaintzaren krisia edo eskuin muturraren hazkundea ulertu kapitalismoarekin duen harremana ulertu gabe.

Orain ez dut liburuan gehiago sakonduko, irakurri ezazue! Azken ideia bat azpimarratuko dut soilik. Aurretik aipatutako logika autosuntsitzaile horrek arraza, genero edo jatorriaren araberako ezberdintasun sozialak erreproduzitu egiten ditu etengabe. Kapitalismoaren eraikuntzak soldatapeko esplotazioan kokatu gintuen gizon zuri europarrak (esplotatuta, baina eskubide batzuen jabe), eta arpilatuta munduko beste gizaki guztiak, eta ezberdintasun hori etengabe erreproduzituko da, kapitalaren logika instituzionalizatua mantentzen den bitartean behintzat.

Euskaldun gisa, liburua irakurtzean, azterketarako elementu bat faltan bota dut, kapitalismoak planeta, emakumeak, zuriak ez diren arrazak edo demokrazia nola erasotzen dituen aztertzeaz gain, kultura eta hizkuntza aniztasuna nola erasotzen duen ere aztertu ez izana, hain zuzen.

Kapitalaren hazkundeak adierazpide kulturalak errentagarritasun ekonomikoaren mesedetan erabiltzen ditu, eta lehentasuna ematen die errentagarritasun handiagoa eskaintzen duten kultur adierazpideei eta kultur adierazpide horien kanal nagusiei, hizkuntza hegemonikoei. Bizi dugun garai neoliberal honetan adierazpide kultural gehienak merkantilizatuta daude: dela antzerkigintza, dela zinemagintza, dela musikagintza, edo beste edozein kultur adierazpide. Gure harreman sozialak ere merkantilizatuta daude jadanik sare sozialen bitartez. Espazio horietan guztietan hizkuntza hegemonikoak are hegemonikoago dira. Horregatik da horren zaila pantailak euskaraz ikusi ahal izatea, eta horregatik, kapitalaren logika gainditu ezean, gaztelaniaren inposaketa neoliberala hazi besterik ez da egingo eta euskara desagertze bidean izango da.

Era berean, Nancy Fraserrek azaldutako beste arpilaketa logiken ondorioz, euskal hiztunak (kasu gehienetan jatorri europarra dugun arraza zuriko pertsonak) erlatiboki egoera pribilejiatuan gaude beren arraza eta jatorriarengatik desjabetze prozesuak pairatzen dituzten bestelako euskal herritarrekiko.

Paradoxa biribiltzeko, langile euskaldunak eta langile erdaldun elebakarrak esplotatzen dituzten kastak oso erdarazaleak dira. Hezkuntzako A eredua bizirik dauden eremuak aztertzea besterik ez dago paradoxa horren jabe izateko. Euskararekiko urruntasun handiena oso baldintza sozioekonomiko ona duten gurasoen seme-alabek eta segregazioaren ondorioak pairatzen dituzten langile txiroen seme-alabek dute. Arrazoi ideologikoengatik seme-alabei euskara ez irakastea erabakitzen duten elite ekonomikoek ezartzen duten hegemonia kultural, politiko eta ekonomikoak euskaratik urruntzen ditu baldintza sozioekonomiko okerrenak dituzten gurasoen seme-alabak.

Mekanika kuantikoaz ez dut piperrik ere ulertzen, baina euskaldunak Schrödinger-en katuak modukoak garela iruditzen zait. Aldi berean bizirik eta hilik egon daitekeen katua bezala, euskaldunak era berean gaude kapitalak zanpatuak euskaldunak izateagatik eta kapitalaren logikan egoera erlatiboki pribilejiatu batean euskaldunak garelako.

Nancy Fraserrek proposatzen du borroka guztiak (borroka feminista, borroka ekologista, eskubide demokratikoen aldeko borrokak edo borroka antiarrazista) logika antikapitalista batean kokatzea, horrela soilik lortuko baita kapitalismoaren zanpaketen erreprodukzioaren gurpil zorotik ihes egitea. Euskararen aldeko borroka ere antikapitalista izan ezean, oso azaleko hobekuntzak izango dira, gaztelania beti izango baita errentagarriagoa termino ekonomikoetan euskara baino (euskara hizkuntza hegemonikoa ez den bitartean behintzat). Eta, era berean, kapitalismoari ekologismotik, feminismotik, arrazakeriaren kontrako mugimendutik edo eskubide zibilen esparruetatik aurre egiten ez bazaio, zail izango dugu euskaldunok soilik euskaratik borroka antikapitalista irabazleak eraikitzea. Hau da euskararen aldeko borroka beste borroka batzuen parte bihurtu ezean euskararen normalizazioa ez da eraginkorra izango, edo oso partziala izango da.

Kapitalismoari aurre egin nahi badiogu logikoena kapitalismoak desagerrarazi dezakeen hizkuntzan egitea da, euskaraz. Bestelako erabaki bat kapitalaren zapalketa logikari men egitea litzateke. Sindikalistak garen neurrian, gure egitekoa da zapalketa logika guztiei aurre egitea, langile jendearen bizi baldintzak hobetzeko borrokak elikatzea eta borroka horiekin pairatzen dugun sistema injustu honen erroak erasotzea.

Borroka emanzipatzaile ezberdinak batu eta gorpuzteko tresna izan gaitezke sindikatuak. Euskal Herrian logika antikapitalista horretan sindikatuok badugu egitekoa: okerren daudenen bizi baldintzak hobetzeko tresna eraginkorra izan gaitezen, eta are euskaldunagoak baldin bagara, egun euskaratik urrun bizi diren eta erlatiboki euskaldunak baino are esplotatuago eta desjabetuago dauden horiek ekar ditzagun euskararen aldeko borrokara, beraien interesei hobekien erantzuten dien borroka tresna euskalduna izango delako.