Gauzak beste modu batera egin daitezke (Astekaria 232. Editorial)

30/01/2008

Eskakizun sozial zehatzen aurrean erakundeengandik beti jaso ohi dugun erantzuna ezaguna da: ez dago horretarako dirurik. Erantzun hori baina, ez da zuzena, eta ez da osoa.
Ez da zuzena, gure erakundeek badutelako gastatzen dutena baino diru gehiago. Gertatzen dena da, nahiago dutela kontuak superabitarekin itxi, eta daukaten dirua ere erabili ez beharrizan sozialei erantzuteko.

Eta erantzuna ez da osoa, ez digutelako azaltzen diru publiko gehiago eduki dezaketela, zergak ez murriztuz edo zerga iruzurraren aurka borrokatzen, adibidez. Zorra ere jaulki dezakete diru gehiago izateko, baina nahiago dute zorraren pisua murriztu, nahiz eta familiak gero eta gehiago zorpetzen direla ikusi.

Gauzak diren bezala izan behar direla sinestarazi nahi digute, baina jakin badakigu oso bestelakoak izan daitezkeela. Aukera kontua da, eta gure erakundeek bere apustua egina dute; zerga bidez gutxi bildu, eta are gutxiago bideratu gizarte gastura. Hauxe da neoliberalak, eskuindarrak direla esateko dugun arrazoi nagusia.

Europan eredua oso bestelakoa da, han ere estatuen artean ezberdintasun handiak egon arren; zergak ordaintzera bideratzen den aberastasunaren portzentaia askoz altuagoa da Hego Euskal Herrian baino, eta baita gizarte gastura zuzentzen dutena ere. Europako gizarte eredua justuagoa da, errenta birbanaketan zerga-politikak pisu handiagoa duelako, eta gastu publikoak beharrizan gehiagori erantzuten dielako. Europan Estatuek eskaintzen dituzten zerbi-tzuak, hemen familiak eskaini behar izaten dituzte hein handi batean. Haurrak, helduak edo mepenkotasunen bat duten pertsonak zaintzerakoan, Europan erakundeek bermatzen dutena, hemen familiek estali behar izaten dute. Baliabiderik ezagaitik independizatu ezin diren gazteak beste adibide bat dira, familiak egiten baitira hauen kargu urte askotan zehar.