Gizarterik gabe ezin (Astekaria 225. Editorial)
Norberak bereari eutsi behar diola esaten da maiz. Eta hala behar du, dudarik gabe. Bakoitzari dagozkion gaietan bizitako esperientziak eta ibilbide horretan ikasitakoak, altxor preziatuak bilakatzen dira aurrera begirako erronkei adorez, eta irmotasunez ekiteko. Abiapuntu horretatik, koherentzia eta sinesgarritasuna funtsezko oinarriak dira edozein proiektu kolektiboa egituratu eta sendotzeko.
Azken hamar urteetako epealdia ere ez da nolanahikoa izan gure sindikatuan egoerari buruz iritziak, hausnarketak eta ekarpenak barneratzeko garaian. Gure klase eta abertzale izaerari eutsiaz, aginte publikoek ezartzen dituzten lan eta gizarte politikei buruzko diagnostikoa berretsi dugu aldiro-aldiro. Neoliberal kutsua duten politikak izanik, langileak zigortu dituzte bereziki bere lan eta gizarte beharrak betetzerakoan.
Abertzale ikuspegitik, bestalde, ezin uka egoera lardaskatua bizi dugula. Erabakitzeko eskubidearen bidean abertzale arteko kontzientzia suspertu bada ere, eragile sozial nahiz politikoen arteko lankidetza eten egin da. Hedabideetan ematen den sasi eztabaidak bakarrik betetzen ditu bazterrak. Eta abertzaletasunak ezin du beharrezko lekunea irabazi baldin eta lan mankomunatua burutzen ez bada. Erakunde bakoitzaren nortasunari uko egin gabe, bakoitzaren ikuspegiak kontutan harturik baina egunerokotasunetik gailenduz, estrategi bakar baten beharrean gaude abertzaleok.
Gure ustetan, zibila eta demokratikoa behar duen bide honek, ezinbesteko euskarriari lotu behar zaio irabazpidean kokatzeko. Euskarria, helduleku eraginkorrena, gizartea da. Beraz, nazio prozesuaren garapena gizartearentzat erakargarria izan dadin, bere giza beharrak asebete eta bizimodu hobeago baten itxaropenean sustatu behar da prozesua.
Langileak eta abertzaleak garen heinean, geureari eutsiz, plazara etorriko gara gure jarrera finkatzeko eta abertzale mugimenduari gure ekarpena eskaintzeko. Langile eta abertzaleak garelako.