Hau ez da frankizia bat (Astekaria 141, editorial)

27/06/2004

ELAk Zalaingo Aceralia Tubos lantegian egin diren hauteskunde sindikalak irabazi egin ditu. Hau ez litzateke albiste duela bi urte garai batean Laminaciones de Lesaka zeneko ELAko hainbat ordezkari sindikatua utzi eta ahal izan zuten afiliatu kopururik handienarekin UGTra pasa ez balira.

Esan genuen orduan krisia enpresako gure atal sindikalaren errazkeriarako jokabidean zetzala; izan ere, ELA bere osotasunean ekintza sindikal bizkorrago bat bultzatzen ari zela, eta bereizkeria zein prekarietatearen aurkako borroka helburu nagusitzat hartuta zuelarik, Aceralian orduan zegoen gure atal sindikalak muzin egin baitzion ELAren erabaki hari, eta nahiago izan zuen lehenagotik zetorren epeltasunean jarraitu, horretarako sindikatuz aldatu behar bazuen ere.

Kolpea latza izan zen, noski. Jende berria inguratu behar izan zuen ELAk, bere proiektuarekin bat egiten zuena. Baina bi urteren buruan lortzen ari diren emaitzek zera erakusten dute talde berriak lana gogotik eta ondo egin duela, eta egoerari buelta ematen hasi dela.

Bejondeiela lortutako arrakastagatik, eta ELA proiektu bat dela agerian uzteagatik. Sindikatua langileen interesak defenditzeko proiektu kolektibo bat da, eta ez norberak bere erara erabil dezakeen frankizia edo marka bat, ezta lasai bizitzeko itzal goxoa ere.