Hirugarren erraila (Astekaria 205. Editorial)
Otsailaren 3an manifestazio berri batek zeharkatuko du Bilbo. Manifestazio berria, berria duelako ibilbidea, apaingarriak eta deialdia egiten duten herritarren zerrenda. Hori kenduta, berritik gutxi, hamaika izan baitira gure herrian azken urteotan elkarrizketaren eta konponbidearen alde, borondate onez gainezka, egin diren ekimenak. Eta, gauzak horrela, oraindik ere egingo direnak!
Era horretako ekimenek hain premiazkoa den "hirugarren erraila" osatzeko balio dutela idatzi du lehen mailan dabilen sindikalista eta politiko batek: jendartearen eskuhartzearen erraila, alegia. Ez dugu uste zuzen dabilenik: jendearen egonezina eta zerbait egin nahia baretzeko balio dute batez ere, eta, bide batez, estrategiari buruzko eztabaida saihesteko.
Horrelakoetan, esloganek eta pankartek herritar askok amesten duguna jaso ohi dute: elkarrizketa, konponbidea, herriaren errespetua, bakea...; baina, borondate onaren azpian, ez dago estrategiari buruzko eztabaidarik; gatazkaren muin politikoa hitzetik hortzera dabil, baina ez da komeni gatazka politikoa parametro militarrean jarri dutenen hautuaren zuzentasunaz edo egokitasunaz eztabaidatzerik, horrek esparrua hankaz gora jarriko bailuke. Esparrua ahalik eta zabalena izan dadin, batzen gaituena soilik aldarrikatu behar da; beste modu batera esanda, ez da komeni eztabaidatzerik euskal herritar asko eta asko gogaitua duen estrategia politiko-militarraz eta dakarzkigun ondorioez.
Zoritxarrez, aldarrikatzen ditugun helburu orokor ederrak ez dute, berez, indar metaketa eraginkorra egiteko balio; horretarako estrategiari buruz eztabaidatu behar da, taburik gabe, eta gutxieneko adostasuna, ahalik eta zabalena, lortu: helburuak, urratsak, tresnak... Hori da, gure ustean, lan premiazkoena.
Langintza horri heltzen ez diogun bitartean, batzen gaituzten hitz ederrez estaltzen segituko dugu estrategia bateratuaren gabezia etsigarria.