Ideien jazarpena (Astekaria 231. Editorial)

11/12/2007

Ez gaitu harritzen, dagoenekoz, Euskal Herriarekin zerikusirik duen gai oro kutsaturik izatea aitzakiaz erabiltzen den "dena ETA da" leloarekin. Partido Popularrek bultzatu eta PSOEk onartutako Alderdien Legeak estaldura eta babesa eman dio honelako sineskeriari eta, horren baitan, pertsonak, ideiak eta proiektuak zigorpean jarri dira gurean.

Alderdi politiko eta bitarteko judizialen jokamolde honek edozein ekimen eta jarduera aurreirizten du eta lelo horren menpera makurtzen ditu oinarrizkoak diren eskubideak. Halaxe frogatu da esku-hartze politiko, manifestazio eta biltzeko eskubideekin izandako erabaki ezberdinen haritik. Finean, zilegiak diren jarduerak zilegitasun gabekoak bilakatzen dituzte, zuzentasunean oinarritzen ez diren erabakiak barreiatuz. Beraz, juzgua burutua egon daiteke edozein ekimena aztertu izana baino lehenago.

Testuinguru horretan kokatu behar da ere 18/98 sumarioan gertaturikoa. Ideiak epaitu eta kondenatu dira. Erakunde armatuarekin zerikusirik ez duten erakunde abertzale politiko, sozial eta kulturaletan ziharduten pertsonak epaitu eta kondenatuak izan dira. Oraindik epaia formalki jakitera eman ez bada ere, dena zilegia delakoaren ondorioak nagusitu dira araubide penal espainolean.

Zoritxarrez pentsa dezakegu egoera politiko orokor honen ondorioak ez direla amaitu . Azken egunetan geroz eta iragarpen nabariagoak plazaratzen dira hemendik gutxira zenbait alderdi politiko legez kanpo utziko direla ohartuaz. Berriro ere bultzada politikoaren interesen baitan kokatuko dira hartuko diren erabakiak. Bide horretan, denen kalterako den gera ezinezko gurpilean murgildu nahi izango gaituzte. Egoera hau salatu eta pertsona eta proiektu guztien defentsa sutsua gauzatzearekin batera, argia ikusten ez duen egoera honetatik irten beharra daukagu abertzaleok, nahitaez. Egoerak aldaketa politiko eta sozialaren alde gaudenok bereziki kaltetzen gaitu. Beraz, ditxosozko espirala bertan behera utzi beharra daukagu, azkar baino lehen.