Irakasgaiak (Astekari 229. Editorial)

05/12/2007

Sinisten ez zutenentzat ere, argigarria izan da, oso, etengabeko prestakuntzaz Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia. Kosta ala kosta, aspaldidanik iragarritako ibilbidea jorratu eta susmo okerrenak gauzatu dira azkenik. Irakasgai ugari dituen eredu baten isla da etengabeko prestakuntzan Eusko Jaurlaritzak erabaki duena. Etengabeko prestakuntzaren gaia, bere horretan, garrantzi handikoa izanik ere, gobernuaren politika orokor baten begi bistako adierazle argienetako bat da. Batetik, Madrilek agintzen duen legez, makur eta otzandurik ageri dira Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinetako arduradunak Estatutuak berak jasotzen dituen eskumenak defendatzeko garaian. Bultzada politikorik gabe, adore gutxi erakutsi dute horren defentsan, eta azkenik, espero zitekeen gauza bakarra gertatu da: Madrilek agindutakoari men egin.

Bestalde, aipagarria da noraino heltzen diren gure gobernatzaileak instituzio eremutan joko arau demokratikoak bortxatzeko garaian. Jauntxokeria da nagusi beren egintzetan, eta ondorioz, morroitzat hartzen gaituzte gainontzekoak. Hobetuz Fundazioak Madrileko diruak ez bereganatzeko hartutako erabakiaren gainetik, Jaurlaritzako aginduak inposatzen dira, gehiengo sindikalaren iritzia eta erabakien gainetik, espresuki.

Ezin dute ezkutatu zein deserosoa zaien abertzalea eta errebindikazio- sindikalgintza, finean horrek biluzik erakusten baitu bere norabide erratua. Eguneroko jardunak eta diskurtso politiko arteko kontraesan nabariak eraman ezinik dabiltza. Egungo marko juridikoa gainditzeko adierazpen politikoak non kokatu behar dira, txikiena, madarikatuena, inoiz bete gabeko Estatutuarena alegia, defendatzeko ere gauza ez badira?

Ez dira nolanahiko irakasgaiak. Osoak eta aberatsak, muin handikoak, geroz eta gorputz handiagoa hartzen doazenak gizartean eta langile artean. Horiei erreparatuz gero, etorkizunik gabeko politikak direla diogu. Bestelako nahiak ditu herriak eta jendearen beharrei bizkarra emanez itxaropen urriko laburbidea du politika honek.