Kapitala beti irabazle (Astekaria 133, editorial)

26/04/2004

Lana badago: ia 900.000 lagun (hain zuzen 897.300) ari da lanean hego Euskal Herrian, biztanleria aktiboaren azken inkestak adierazten duenez, baina aski handia dirudien kopuru horri buruz hainbat iruzkin egin daiteke; egoera ez da hain pozgarria, eta bai, ordea, kezkatzekoa zenbait puntutan. Hasteko, lanerako gertu den jende kopurua biztanleria aktiboa gutxitu egin delako; soilik honi eskerrak ez da langabezia gehitu.

Bigarrenik, aurtengo lehen hiru hiletan ez da lanpostu berririk sortu; hots, ekonomia gaizki ez doan uneotan ere eta oraingoz badirudi bide onetik jarraituko duela enpresek ez dute jende berririk hartu. Kezkatzeko hirugarren arrazoia: aldi baterako kontratuz beharrean ari den langileen kopurua, hots, lanpostu finkorik ez dutenena, gehitu egin da eta ia herenera (%32,3) iritsi da. Datu honetan Europako Batasunaren batez bestekoaren hirukoitza lortu dugu; laneko segurtasun ezan bezala, honetan ere txapeldun!

Egoera hau jasaten dutenak gehienbat gazteak dira, enpresen jokabide ustez zuhur eta zinez kaltegarriaren ondorioz etorkizun segururik ez dutenak, lana izango duten ala ez hilez hil edo astez aste jakiten dutenak.

Hau ez omen da larria, enpleguari gehiegizko segurtasuna eskatzen ei diogu, diote ozenki iritzi emaile, ugazaba eta agintariek. Eta bitxia da hauen jarrera, gehienbat oso ongi bizi baitiren segurolak izan ohi baitira: edozein tokitan lanean hasterako lehenengo ziurtatzen dutena kaleratzeagatik jasoko duten kalteordain mardula izaten da.

Lana badago, beraz, baina ez behar den bezalakoa. Zer ari da gertatzen? Betiko kontua; enpresak dirua irabazten ari dira, baina etekin horiek ez dira enplegua sortu eta hobetzeko erabiltzen. Gero, garai larriagoak etortzen direnean, beharginek larrutik ordainduko dituzte berriro kalteak; bankak beti irabazten du.