Konpromiso sendoa (Astekaria 126, 16-02-2004)

12/02/2004

Euskal gehiengo sindikalak aurtengo negoziazio kolektiborako egin duen hitzarmenak bi atal ditu; batetik, lortu nahi diren edukiei dagokienez helburu handiak ezarri dira, batez ere kolokako enpleguaren eta era guztietako bereizkerien aurka. Gero, helburu horiek hitzarmen bakoitzaren negoziazioan zehaztuko dira.

Aitortu behar da, halere, helburuak paperean jartzea beroiek lortzea baino askoz errazagoa dela, eta sarri paperetan helburu potoloak jarri ostean berehala asmo horiek baztertu eta akordioak emaitza murritzekin sinatu izan direla. Hartara, ELA, LAB eta ESK sindikatuek erdietsi duten akordioaren mamia ez da soilik helburu jakin batzuk mahairatzea; honekin batera, horiek lortzeko konpromisoa lan molde zehatzetan islatzea izan da:

Lehenik, gatazkaren eta presioaren bidetik joatea. Garbi baitago indarrik egin gabe ez dagoela ugazabak mugitzerik. Bigarrenik, elkar hartu dugun sindikatuon arteko lankidetza maila guztietara hedatzea. Hitzarmenak sektoreka zein eskualdeka, hiru sindikatuen oinarrien hausnarketa eta ekinbide bateratuak garatzea, alegia.

Azkenik, hitzarmen bakoi-tzaren baitako langileen parte hartzea bultzatzeko konpromisoa: eurak dira, azken finean, hitzarmenen negoziazioa bultza, borrokaren mugak ezarri eta eduki onargarriak erabakiko dituztenak.

Hementxe datza enpresariak benetan kezkatzen dituen indarra: paperean jarritako helburuei baino bildur handiagoa diete beroietara iristeko hiru sindikatuek adostu dituzten bitartekoei eta sakonean somatzen duen borondateari.