Lehendakaria, lotsagarri (Astekaria 147, editorial)
Ibarretxe Lehendakariak ez ditu Caballitoko langileak hartu nahi izan. Euskal Herrian inoiz izan den grebarik luzeena egiten ari diren beharginen bilera eskariari uko egin dio guztion lehendakari omen denak.
Edozein euskaldunek edo euskal jatorriko aztarnarik duen edonork inon egindako balentriak txalotu eta saritzen hain zalea den lehendakariak ez du auzoko 114 grebalarien meritua aintzat hartu eta pairatzen ari diren kalbarioa leuntzeko hitz edo keinurik egin nahi izan.
Ez da izango lehendakariak era askotako jendea hartzeko zale ez delako: txirrindulari, ostikolari, mendizale, igerilari, jauzilari, idazle, margolari, apezpiku, unibertsitario, enbaxadore, kontsul, sukaldari, txakoligile, era guztietako enpresaburu, txokolatero, zientzilari, arkitektu, gizon nahiz emakume, elbarri eta sasoiko, zahar eta gazte, mairu beltz nahiz vikingo buruzuri... denak dira ongi etorriak, eta guztiekin egin izan du erretratua EAEko agintari nagusiak. Caballitoko jendearekin, berriz, ez. Horiek bereak ez balira bezala, bere soldata ordaindu eta jauregia mantentzeko zergak txintxo-txintxo ordainduko ez balituzte bezala.
Badirudi, eta horrela izango da ziurrenik, lehendakariak ez duela Caballitoko langileen ordezkariekin aurrez-aurre hitz egiten edo Ajuria-eneko eskaileretan jarrita egindako argazkirik nahi. Ez litzateke politikoki zuzena izango.
Nonbait lehendakaria Caballitoko beharginen borrokaz haserretu eta lotsatu egiten da. Zorionez greban daudenentzat asko gara herri honetan Caballitoko langileen borrokaz harro gaudenok eta lehendakariaren jokabideaz lotsatzen garenok.